[Erreportajea] Frankismoko aztarna, memoria ez izateko arriskuan
Bost kontzentrazio esparru izan ziren Irunen frankismoan. Zutik dirau ‘Pequeña velocidad’ izenekoak. Muga pasatzen zuten gizonen bortxazko lehen gunea zen, eta botatzea aurreikusi dute.
Trenbide zabal askok banatzen dute Irun, gaur egun erabiltzen ez direnak. Lur horietan, utzita dauden itxura duten bagoiak edota pabiloiak daude. Arrotza egiten da. Hiritar askorentzat ezezaguna da trenbidearen ingurua, batez ere ez delako inoiz urbanizatuta egon, sarbide eta eraikinak itxita daudelako eta egon denaren inolako adierazgarririk ez dagoelako. Kuxkuxeroek Adif enpresari eskatu behar diote baimena kondiziotan ikusi ahal izateko trenbide ertzetan dauden eraikinak.
Hain da ezezaguna ingurua, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak 2018an jakin zuela Irunen Pequeña velocidad deituriko frankismoko kontzentrazio esparrua dagoela bertan, Mugetxe karrikako Aduana zaharrari itsatsita. Trenbide sistemari egiten dio erreferentzia izenak, eta Palentzian traza bereko eraikin bat dago. Jose Mari Etxaburu Kamiñazpi idazlearen Nere lau urteko ibilerak idatzian jakin zuten lehen aldiz gune honen berri; bertatik pasa zen eta San Pedro de Cardeñara bideratu zuten gero. 1939 eta 1942 urteen artean egon zen aktibo esparrua, eta Etorbidearen zubitik 1936ko gerra bukatuta etortzen zirenak eramaten zituzten bertara. Sailkapen bat egiten zuten pertsonekin, Peli Lekuona Kepa Ordokiko kideak azaldu duenez, eta hortik, La Magdalena (Santander, Espainia), San Pedro de Cardeña (Burgos, Espainia) eta Miranda de Ebrora (Burgos, Espainia) eramaten zituzten. Ez ziren denbora luze egoten bertan. «Bidasoan hasi zen ehunka atxiloturen gatibualdia, metaketa eta sakabanaketa», irakur daiteke elkarteak txukun landu duen webgunean. Espainiako Estatuko kontzentrazio esparru gehienak 1939an itxi zituzten, Irungoa izan ezik. Bost egon ziren guztira hirian. Aipatzekoa da Hilanteras Ferroviarias, egungo tanatorioaren lekuan zegoena. Emakumeak, haurrak eta adineko pertsonak eramaten zituzten bertara; Pequeña velocidaden gizonak soilik izate zituzten gatibu, komunistak eta miliziano edo militar errepublikanoak.
Zenbat pertsona igaro ziren gizonen espaziotik jakiteko, zifren dantza handia dago. Kepa Ordokik jasotako dokumentuen arabera, gutxienez, 4.000 pertsona pasa ziren. «Hasierako dokumentuetan [1939, 1940 eta 1941 urtekoetaz ari da] batez ere zifrak jasotzen zituzten, zenbat sartu eta zenbat irten ziren», zehaztu du Lekuonak. Maelle Maugendre historialari frantsesak, Etorbidearen zubitik, 1939an, 98.000 herritar pasatu zirela dio. Bi ondorio atera ditu elkarteko kideak: «Batetik, hemendik pasatzen zen jende kopurua ikaragarria zela. Bestetik, horietatik gehienak Pequeña velocidadetik pasatzen zirela».
Historia, galzorian
Arriskuan dago orain eraikina. Izan ere, hiru proiektu ditu esku artean Irungo Udalak, trenbideak estali eta ingurua urbanizatzeko. Entorno estacion deituriko proiektuan argi eta garbi irakur daiteke kontzentrazio gunea botatzeko aurreikuspena. Bertan, pasarela bat eraiki nahi dute. Hori horrela, Lekuonak agerraldia egin zuen joan den ostiraleko osoko bilkuran, ez eraisteko azalduz eta Oroimen Demokratikoaren gune izendatzeko eskaera egin dutela adierazteko. Aduana eraikina eta Pequeña velocidad Frankismoaren Biktimen Memoria Zentroa izatea nahi dute, Espainiako Estatuko lehena litzatekeena. Hiru proiektuak eraikinarekiko kontraesankorrak direla azaldu zuen Lekuonak, bakoitzak bere irizpide eta helburuak dituelako.
Lehenengoan, ahal den neurrian gunea mantenduko dutela zehaztu dute, baina bigarrenean bota egingo dela. Oraingoz, udalak, partzialki bota nahi duela dio, «fatxada hartu, atzera mugitu eta berreraiki», Lekuonaren esanetan. Udalbatzarrean, Miguel Angel Paez alkateordeak aurreratu zuen lurrean pabiloia non zegoen markatu nahi dutela. Proposamen hori ez dela balekoa dio elkarteak, «bertako borreroek» nahi luketena dela.
Luze iraungo duen borroka izango da, trenbidearen proiektuaren mantsotasunagatik. Kezkatuta daude elkartekoak, udal gobernu aldaketa egoteak baldintzatu dezakeelako Via Irun osorik, eta egungo krisi ekonomikoagatik. Arazoa gizarteratu da dagoeneko, eta ez jakintasunaren izenean gunea existituko ez balitz bezala ez dela tratatuko ziur dira. «Eztabaida sortzen denean jendeak esango du,‘Via Irun, bai; baina nola?’».