[Erreportajea] Emakumea izango da Amua In-Edit zikloaren protagonista
Azaroko lau ostegunetan eskainiko dituzte musikaren industrian emakumeak izan duen eraginaren inguruko dokumentalak. Honakoa, Amua In Edit Festibalaren aurrekaria izango da.
Musika ikuspuntu ezberdinetatik eta formatu ezberdinetan lantzen duen elkartea da Amua. 2018an hasi zen elkartearen ibilbidea, eta harrezkero proiektu asko abiarazi dituzte, musika horien guztien ardatz izanik. Proiekturik berriena atzoko egunez estreinatu zen: Emakumeak musikaren industrian: genero-desberdintasunak hautsiz, Amua In Edit zikloa. Hil honetako lau ostegunetan 19:30ean Itsas Etxea Auditoriumean eskainiko dituzte dokumentalak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, musikaren industrian emakumeek jasan duten errepresioa ezagutarazteko, egoera salatzeko, eta emakume garrantzitsuen irudia goraipatzeko zikloa da. Amua Kultur elkartetik beren alea ezarri nahi zutela erabaki zuten, keinu txikiek aldaketa handiak ekar ditzaketenaren uste sendoa baitute.
Elkartearen proiektuek mezu sakonak helarazteko helburua izaten dute. Musikaren testuinguruaren barruan, batzeko eta ondo pasatzeko helburua izateaz gain, eztabaidatzeko, hausnartzeko eta ikasteko aitzakia izan nahi duten proposamenak prestatzen dituzte. «Sortu ginenetik hautematen duguna baino harago joan nahi genuela argi genuen, sen pedagogiko handia dugu». Ildo horretan, mezu sakonak dituzten dokumentalak hautatu dituzte. Horien aukeraketa, halaber, ez da lan samurra izan.
Ernesto Toledo elkarteko kidearen arabera, azken urteetan bereziki, mundu mailan, pentsamendu korronte berri bat sortu da emakumeak musikaren industrian izan duen lekua aldatu nahian. Hortaz, askotariko dokumental, film labur eta filmak ekoiztu dira. Amua In Edit zikloa antolatzerako unean musika genero eta bizipen ezberdinak jasotzen zituzten lanak aukeratzea ezarri zuten irizpide gisa. Hala, musika elektronikoa, DJen mundua eta musika industrian leku bat egiteko izan dituzten zailtasunak hizpide izango dituzten lanak aukeratu dituzte.
Herritar guztiei zuzenduriko zikloa da, baina batez ere, gazteengana iristeko ahalegina egin dute. Hori baita, antolatzaileen ustez, etorkizuneko ikusleria. Hori dela eta, gazteen interesa pizteko filmak hautatu dituzte.
Dokumentalak
Atzo eskaini zuten zikloko lehen dokumentala: Matangi/Maya/M.I.A. Filmak Sri Lankako emakume baten bizitza islatzen du. Haren jaiolekutik ihes egin eta Londresen errefuxiatu gisa bizi izan zen. Oztopoak oztopo, musika industrian leku bat egitea lortu zuen M.I.A. abeslariak. Hilaren 10ean Sisters With Transistors eskainiko dute: musika elektronikoaren aitzindariak izan ziren emakumeen istorioak kontatzen dituen dokumentala da. Hilaren 17an, Underplayed-ren txanda izango da, eta horren bidez munduan emakumezko dj-en egoera mahaigaineratuko dute. «Nola liteke 2019an, Top 100 zerrendetan bost emakume soilik azaltzea? Esku beltz bat existitzen dela argi dago». Azkenik, zikloari bukaera berezi bat emateko Aretha Franklin goraipatzeko filma eskainiko dute: Amazing Grace piezak gospel abeslariak Los Angelesko Bautista Misionera New Temple elizan eskainitako bi kontzertuak jasotzen ditu.