'Adi! Jolasten ari gara!' jardunaldiak, azaroaren 19an
Haurren jolasa arriskuan ote dagoen eztabaidatzeko parada izango da. Aldiz, azaroaren 20an, haurrengan pentsatutako txokoak sortu eta jolasak proposatuko dituzte Zabaltza plazan.
Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna da azaroaren 20a, eta udalak, haurren eskubideen berri emateko probestu nahi du. Hori horrela, Adi! Jolasten ari gara! topaketak antolatu dituzte, eta jolasak eta kontzertu bat antolatu dituzte Igandero baten baitan.
Santi Jimenez Gazteriako ordezkariak egin du jardunaldi hauen aurkezpena eta oroitu du Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 31. artikuluaren garrantzia, jolaserako eskubideari dagokiona.
Adi! Jolasten ari gara!
Gurasoei zuzendutako jardunaldiak izango dira, haurrengan jolasak duen rolaren gainean iparrorratza jarrita. Hasteko, 10:00etatik 13:30era, Jolasa, bai gauza serioa! hitzaldia eskainiko du Imma Marinek. Haur Jolasen Behatokiko kidea eta MARINVA Juego y Educacion enpresaren sortzailea da Marin.
Jarraian, mahai inguru bat hasiko da eta Marin ere bertan izango da, Txusma Azkona Mendizabal eta Laura Camas Garridorekin batera. Haurren jolasa arriskuan ote dagoen eztabaidatuko dute, aintzat hartuta eskolaz kanpoko jarduerak edota hirietan dauden jolaserako eremuak. Goiza bukatzeko, jolasari buruzko bizipenetan oinarritutako esperientzia bat kontatuko du Azkonak.
Marinen ibilbidea aipatu bezaala, Azkona, familiei zuzendutako Plisti-plasta jolas espazioaren zuzendaria eta hezitzailea da, Lizarran, eta Camas, hezkuntzaren alorreko ikertzailea da. Egun, irakaslea da hainbat unibertsitatetan eta aholkularitza lanak egin ditu erakunde askotan, hala nola, Haur Jolasaren Behatokia edo Toy Industries of Europe.
Jolasak, Igandero programan
Azaroaren 20ean, haurrentzako jolas jarduerak egingo dituzte Zabaltza plazan eta Kolon pasealekuan. Txikis del Bidasoarekin elkarlanean osatu dute egitarau hau. Goizean zehar izango da, 11:00etatik 13:00ak bitarte, baina euria eginez gero, lekuz aldatu eta Martindozenea gaztelekuan egingo da dena.
Soinu instalazio bat egongo da, irakurtzeko espazioa ere, mahai jokoak edota xakea praktikatu ahalko dira; psikomotrizitatea lantzeko espazio bat jarriko dute, egurrezko jostailuak; eraikitzeko gune bat egongo da eta ginkana bat prestatu dute.
Gainera, 13:00etan, Turukutupa konpainiaren eskutik Reziklantes kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Espazio horretan, haurtxokoetako neska mutilek egin duten mural bat egongo da ikusgai.
Haurren eta Nerabeen Foroa
Haurren eskubideen nazioarteko egunaren data hauek baino lehen, azaroaren 18an, Irungo Haurren eta Nerabeen Foroaren 2022-2023 ikasturteko lehen saio bateratua egingo da, musika eskolan. Belaskoenea, El Pilar eta San Vicente de Pauleko ikasleak joango dira.