Lapurriturriren inguruko balantzea egin du udalak
Urriaren 16an itxi zuen Aiako Harriko informazio puntuak denboraldia. Orotara, 1.126 bisitari jaso ditu eta sei jarduera antolatu dira.
Lapurriturriko informazio guneak denboraldia itxi zuen urriaren 16an onddo eta perretxikoen bilaketaren irteerarekin. Aurtengo sasoian, 45 egunez egon da irekia informazio puntua, Aste Santutik urriraino, eta Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak, udalak Aiako Harrian kudeatzen duen instalazioaren jardunaren balantzea egin du.
Aurtengo arreta ordutegia ohikoa izan da, asteburu, jai egun eta jai bezperetan zubia izanik egon baita irekia Lapurriturri, 10:00etatik 14:00etara. Erlaitzeko zelaietan kokatua dagoen informazio puntuak 1.126 bisitari jaso ditu aurten, hau da, 25 bisita egunean batez beste. Aurtengo datuak iazkoetatik gertu daude, 2021ean Lapurriturrik 1.188 bisitari jaso baitzituen. Horrez gain, mendizaleen kontsulta espezifikoei ere erantzuten diete informazio gunean, eta aurten, 389 kontsulta argitu dituzte.
Parkeari buruzko arreta eskaintzeaz gain, txangoak eta irteerak programatzen dituzte Lapurriturrin, eta udalak zehaztu du informazio gune hori ez litzatekeela ulertuko txango eta irteera horiek gabe. Horien helburua da “familian naturaz gozatu ahal izatea eta gure inguruko florari eta faunari buruz ikastea”, azaldu du udalak.
Aurten sei jarduera antolatu ditu Lapurriturrik: meatzaritzari buruzko irteera; onddo eta perretxikoen inguruko irteera; izarrak ikusteko jarduera; hegaztiak behatzeko ekintza; familien txangoa; eta elkarlanean margotutako murala. Orotara, ehun bat lagunek hartu dute parte jarduera horietan.