110 lan eskaintza XXVIII. Enpleguaren Astean
37 enpresa izango dira bihar Ficoban XXVIII. Enpleguaren Astean. Curriculumak aurkezteko edo ta hobetzeko aukera egongo da besteak beste.
Bihar da Bidasoa Bizirik-ek antolatutako, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera finantzatutako, XXVIII. Enpleguaren Astea. Une honetan 3.768 pertsona dira Bidasoko eskualdean langabezian daudenak. Datu hori, aurreko urtekoarekin alderatuz, “baxua” dela azaldu du Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirikeko lehendakariak (2021ean 4.039 ziren). Tendentzia horrekin jarraitzeko asmoz antolatu dute, beste urte batez, Enpleguaren Astea.
Verne Technology Group, Olarre Asesoreak, Katea Legaia, Nafarroako Enplegu zerbitzua, Lanbide, Bidez Bide edo Mendibil Elkarte Pedagogikoa izango dira, besteak beste, Ficoban lan eskaintzak aurkezten arituko diren enpresetako batzuk. Enpresa bakoitzak stand bat izango du eta bertan curriculumak aurkeztu ahal izango dira, 09:00etatik 13:30era. Curriculumak aurkezteaz gain, horiek hobetzeko aukera ere izango dute; argazki profesionalak atera edo aholkuak jaso ahal izango dituzte.
Sarrera librea izango da. Interesdunek Bidasoa Biziriken webgunean izena eman beharko dute.