Bidasoarrek partida izugarria jokatu bazuten ere, puntuak Alemanian geratu ziren, eta irundarrak esku hutsik bueltatu dira etxera (34-29).
Bidasoa Irunek ezin izan zuen EHF European Leagueko multzoen faseko bigarren garaipena lortu. Izugarrizko partida jokatu bazuten ere, bidasoarrek ezin izan zuten Fuchse Berlin talde handia garaitu, eta esku hutsik itzuli dira Alemaniatik (34-29).
Jacobo Cuetararen mutilek sendo ekin zioten neurketari, eta ez zioten aurpegia galdu partidari. Lehen zatiaren erdialdean sei gol atzetik joan baziren ere (11-5), defentsan aurrerapauso bat eman zuten, eta Jakub Skrzyniarz atezainaren lanak eta Jon Azkueren erasoko lidergoak abantaila hiru golera murriztu zuten (18-15). Markagailu horrekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian irabazteko aukerez konbentzituta kantxaratu ziren bidasoarrak, eta 35. minutuan, Jon Azkue kapitainak bere hamar goletako batekin Bidasoa aurretik jarri zuen markagailuan (20-21). Bidasoa Irunek oso sendo jarraitu zuen, baina alemaniarrek irundarrak zigortu zituzten 6-0eko partziala sartuz. Bidasoarrek sei minutu eman zituzten golik sartu gabe, eta berlindarrek hankaz gora jarri zuten norgehiagoka. Azkenean, puntuak etxean geratu ziren (34-29).
Bidasoarrek ezin izan zuten neurketa aurrera atera, baina, dena den, Jacobo Cuetara “pozik eta harro” azaldu zen partida bukaeran taldeak egindako esfortzuagatik: “Zailtasun asko jarri dizkiegu, eta markagailuan ere aurretik izan gara. Pena bigarren zatian sartu diguten partziala izan da. Kontrola galdu eta aukerak eman dizkiegu kontraerasoan irteteko. Partida exijentzia handikoa izan da”. Horrez gain, prestatzaile irundarrak oso baikor baloratu du taldeak Berlinen egindakoa: “Oso pozik eta harro nago talde bezala hazten jarraitzen dugulako eta tankera honetako Europako partida bat lehiatzeko gai izan garelako”.
Europako neurketa pasata, egutegiak ez du etenik Bidasoarentzat, eta ostiralean izango dute Asobal ligako hurrengo erronka. Bidasoarrek Pontevedran jokatuko dute Cisneren aurka, 21:30ean.