Erdigunean beste anbulatorio handiago bat eraiki nahi du EAJk
Oraingoa itxi eta beste handiago bat egitea eskatuko diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. Zerbitzu gehiago eskainiko lituzke.
Hirugarren anbulatorio baten beharra adierazi izan du Irungo Udalak, eta azken aldiz, Elkarrekin Podemos alderdiak egin zuen eskaria. Erdialdean beste anbulatorio bat, handiagoa litzatekeena eta oraingoa ordezkatuko lukeena egitea da EAJk Gotzone Sagardui Osasun sailburuari proposatuko diona, laster egingo duten bileran.
Hilabete hauetan Xabier Iridoi, EAJko ordezkaria osasungintzako profesional eta adituekin bildu da Irungo zerbitzuen eta osasun arretaren beharrak eta hobekuntzak aztertzeko. Horrez gain, irundarren iritziak jaso dituztela ere baieztatu du Iridoik. Azterketa horretan azken hamarkadetako zerbitzuen datuen ikerketa sakona egin dutela ere baieztatu du.
Erdigunean, zehazki, Via Irun 2030 trenbide gunearen eremuan kokatu nahi dute anbulatorio berri hau. Dunboakoak bere horretan segituko luke eta anbulatorio zentrala izatea nahi dute, eta orain erdigunean dagoenak baino zerbitzu gehiago eskainiko lituzke.
Egun Osakidetzako zerbitzu batzuk jasotzeko beste baliabide batzuetara joan behar dela azaldu dute eta anbulatorio honek behar horiek asetzea nahi dute, hala nola, TAC, ekografia gelak, errehabilitazio prozesu osatuagoak egin ahal izateko gimnasioa, fisioterapia zerbitzu hobeak eta aho hortzen arreta.
Estali nahi dituzten trenbideetan kokatzea dela hoberena uste dute, “zentraltasunagatik eta irisgarritasun egokiagatik”. Tren geltoki berria bertan egongo baita eta trena, topo, autobus, bizikleta eta autoan bertaratu ahalko litzateke anbulatoriora.