[Argazki galeria] Etorbidearen zubiko hesiak kendu dituzte
"Hitzetatik ekintzetara" pasa dira bidasoarrak eta Etorbidearen zubiko hesiak kendu dituzte. Zirkulazio askatasuna aldarrikatu dute.
Frantziako Estatuak Europako Batzordeari eskaera egin zion joan den hilabetean, Irun eta Hendaia arteko kontrol poliziala beste sei hilabete luzatzeko. Baiezkoa jaso dute, eta beraz, apirila amaiera arte egongo dira bertan poliziak, gutxienez, Schengen espazioa urratzen.
Horren aurrean, Ipar Euskal Herriko LABek deituta, bi zutabeko mobilizazioa egin dute herritarrek; Ficobatik eta Hendaiako tren geltokitik irten dira. Mugak apurtu, zubiak eraiki leloari jarraiki, Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatu dute.
Horretarako, Etorbidearen zubiko hesiak kendu dituzte. “Hitzetik ekintzetara” pasa direla esan du Itziar Gomez, Irungo Harrera Sareko kideak. “Zubi hau ireki dugu. Lortu dugu. Gehiengo batek eskatzen duena egin dugu. Hemen gaude erakunde eta elkarte guztiak elkarrekin jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Muga ireki, zirkulazio askatasuna guztiontzat”.
Frantziako Estatuak aitzaki ezberdinak erabiltzen dituela kontrol polizialak jartzeko salatu dute, “terrorismoa, COVID-19a, eta orain Ukrainako gerra”, zerrendatu du Gomezek. Hurrenez hurren aipatu ditu ere azken hilabeteetan Euskal Herriko hainbat erakunde eta politikok zubiak irekitzeko egindako eskaerak. Bestetik, Irunen migranteek harrera baliabideak uzteko bizi duten presioa deitoratu dute beste behin.
Eskualdeko eta Euskal Herriko erakunde eta elkarte askoren babesa izan dute, hala nola, Irungo Harrera Sarea, Etorkinekin-Diakite, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bizi elkartea, La Cimade elkartea, Ehun mugimendua, Xuti Gazte ekimena, Intziri talde feminista, EH Bai alderdia, Europe Ecologie-Berdeak alderdia, eta Sortu alderdia.