Bidasoa Irun, Europako bigarren garaipenaren bila
Bidasoarrek gaur jokatuko dute EHF European Leagueko multzoen faseko bigarren partida. Aurkaria Fusche Berlin izango da, "txapelketako faboritoetako bat".
Larunbatean Helvetia Anaitasunaren aurkako derbia nagusitasunez irabazi ondoren (36-24), egutegiak ez du etenik Bidasoa Irunentzat, gaur jokatuko baitute EHF European Leagueko multzoen faseko bigarren norgehiagoka. Aurkaria Fusche Berlin talde alemaniarra izango da, eta bidasoarren antzera, lehen partida poltsikoratu zuten, Motor Zaporozhye talde ukrainarra nagusitasunez menperatuta (27-38).
Lehen jardunaldian Aguas Sanas Milanezaren aurka lortutako garaipenak “presiotik askatzen” dituela azaldu du Jacobo Cuetara entrenatzaileak, baina gaurkoa zeharo ezberdina izango da, prestatzaileak onartu baitu alemaniarrak “oso aurkari zaila eta txapelketako faboritoetako bat” direla: “Multzoko faboritoaren eta txapelketako faboritoetako baten aurka jokatuko dugu bere kantxan, galtzeko gutxi eta irabazteko asko dugularik. Azken bi neurketetako konfiantzarekin goaz, oso maila onean jokatu baitugu eta emaitza oso onak lortu baititugu. Ilusiorik handienarekin goaz: Berlinera joateak edonori ilusioa pizten dio tamaina horretako partida baterako, agertoki horretan eta talde horren aurka”.
Cuetarak baietsi du berlindarrek “maila fisiko oso ona” dutela, eta “oso azkarrak” direla. Horrez gain, “defentsan indar handiko eta erasoan maila handiko jokalariak” dituztela gaineratu du. Hori dela eta, bidasoarren prestatzaileak argi du euren “DNA ahalik eta lehiakorrenak izatea” dela, eta “ilusio handienarekin saiatzera” joango direla. Bukatzeko, Cuetararen nahia da “partida bikaina” osatzea eta euren “maila” ematea.
Fusche Berlin eta Bidasoa Irunen arteko neurketa 20:45ean hasiko da Max-Schmeling Halle zelaian, eta ETB4 eta Dazn kanaletan ikusi ahal izango da.