[Argazki galeria] Giro ederrean gogoratu dute Beñat Elzo
Iker Oliveri eta Olatz Zabala izan dira Beñat Elzo Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioko irabazleak. Guztira 1327 pertsonek parte hartu dute.
Goizeko lehen eguzki izpiekin irten dira Beñat Elzo mendi lasterketa oinez egin duten parte hartzaileak. VII. edizioko kamiseta berdea soinean giro ederrean eman diote hasiera Domu Santu egunari. Ondoren 11:00etan lasterkarien txanda heldu da. Kirol kaian beroketa ariketak egin ondoren bixi-bixi irten dira Talaia bideruntz. Oinezkoek bezala 10 kilometro eta 650 metro gauzatu dituzte. 12:30ean, ordea, haur eta familiak izan dira protagonistak. Guztira 703 oinezkok, 252 lasterkarik eta 372 familiek parte hartu dute.
Aurten, gainera, Beñat Elzo hondarribiarra gogoratzeko lasterketa izateaz gain, izaera solidarioa izan du ere, Adela elkarteak jasoko baititu goizean zehar bildu dituzten ekarpenak. Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten gaixoei bizitza hobe bat izaten laguntzen dien elkartea da.
Jende andana bildu da lasterkariak animatzera, bai eta bertako giroaz gozatzera ere. Lehen kirolariak heldu bitartean, haurrek marrazkiak eta txapak egin dituzte. Askok Kirol Kaiko tabernetan otordutxoa egin dute eta beste zenbaitek bertan egin duten paella goxoa dastatu dute.
Lasterketari dagokionez Iker Oliveri hondarribiarra izan da irabazlea gizonetan. Lau lasterketetan parte hartu, eta laurak irabazi ditu. Bigarren Asier Landart irundarra helmugaratu da, honakoa lasterketan parte hartzen zuen lehen aldia zen. Hirugarren, eta podiuma itxiz, Aitor Conde irundarra izan da. Emakumeen kategorian, berriz, Olatz Zabalak eskuratu du garaipena. Zabala 2015ean lehena izan zen eta 2016an bigarren. Gaurkoan lehia estua izan du bigarren sailkatuarekin, baina azkenean aurrea hartu eta 15 segundoko aldearekin helmugaratu da. Bigarren postuan Marina Gonzalez heldu da, 2017an parte hartu zueneko postua errepikatuz. Hirugarren Nerea Amilibia helmugaratu da.
Sailkapen osoa ikusteko, joan lotura honetatik hori dagoen webgunera.
Sailkapena
Gizonezkoen kategoria:
1. Sailkatua: Iker Oliveri Ruiz de Muniain 40:55
2. sailkatua: Asier Landart 41:19
3. Sailkatua: Aitor Conde Mestre 41:31
Emakumezkoen kategoria:
1. Sailkatua: Olatz Zabala Dominguez 48:25
2. Sailkatua: Marina Gonzalez Burgos 48:40
3. Sailkatua: Nerea Amilibia Arruti 52:08
Lehenengo Hondarribiarra Zuriñe Sunsundegi izan da 56:40.
Hona hemen goizeko zenbait argazki: