Via Irun proiektuaren faseetako bat onartuta, osoko bilkuran
Entorno Estación deituriko planoa da onartu dutena, EAJ eta EH Bilduren aurkako botoekin. Era horretan, Abiadura Txikiko eraikina botatzea aurreikusi dute.
Osoko bilkura egin zuten Iruno zinegotziek pasa den asteko ostiralean. Via Irunen barruko Plan Orokorraren aldaketaren hasierako onarpena, Entorno Estación deiturikoa onartu zuten. Era berean, etorkizuneko tren geltokiko eraikinaren ondoan oinezkoentzako pasarela bat eraikitzeko erakunde arteko hitzarmena onartu zuten.
Pausoz pauso onartzen ari dira trenbideak estali eta inguru hori berriz urbanizatzeko Via Irun 30 plana. Lehenengo fasea hasi dela esan daiteke, eta honetan, lur horietan zer eraikiko den eta zer botako den erabaki dute. Esate baterako, duela aste pare bat jakin zen Aduana Zaharra egokitzeko diru laguntza jasoko duela udalak.
Oraingoz, behin-behinekoa izaten jarraitzen du plan honek, tramite batzuk pasa behar dituelako oraindik. Urte amaieran edota 2023.aren hasieran beste prozesu parte hartzaile bat martxan jartzea aurreikusi dute.
PSE-EE, PP eta Elkarrekin-Podemosen bozkekin onartu zen lehen aldaketa. EAJ eta EH Bilduk kontrako botoa eman zuten, bakoitzak bere arrazoiekin.
Kontrako erreakzioak
EH Bildu: Aurreko asteetan EH Bilduk egindako lana nabarmendu nahi izan du, eta haiei esker parte hartzeak garrantzi estrategikoa izan duela proiektuaren sorkuntzan. Azkenean, koalizio abertzaleak hiru ekarpen egin zizkion proiektuari; bata korridore berdea sortzea; bestea, etxebizitzaren gaian ezabatzea etxebizitzaren garapenaren bideragarritasun ekonomikoarekin lotzen duen aipu ororik eta alokairu erregimeneko etxebizitza publikoaren aldeko apustua egiten dela jasotzea; eta azkenik, mantendu behar diren eraikinak, ondaregatik, aipatzea.
“Gure kontrako botoa konpon daitekeena konpontzera doa, pasabidea egitera, baina gure memoria errespetatuz” amaitu du esanez Jokin Melida bozeramaileak.
EAJ: Xabier Iridoik hitz egin zuen EAJren iritzia emateko, eta beraien proposamenak zubi batekin Aduana kalea eta Anaka kalea batzen dituela esan du, baina udalak proposatutakoak, Aduana kalea Geltoki kalearekin batzen du. Beraz, ez direla orain arte banatuta dauden hiriaren bi zatiak batuko uste du Iridoik.
Hiriaren etorkizuna begiratzeko “bi modelo ezberdin” direla azaldu du Iridoik, bata PSE-EErena eta bestea EAJrena. Ostiralean kontra bozkatu zuten arren, Via Irun 30 proiektuaren alde lanean jarraituko dutela berretsi zuen Iridoik.
Abidura Txikiko eraikina
Bota nahi dituzten eraikinen artean, Pequeña Velocidad 1936 eta 1942 urteen artean frankismoan aktibo egon zen kontzentrazio esparrua dago, Aduana zaharraren ondoan. Entorno Estación izeneko txostenean, pabiloien eraisteen atalean, Pequeña Velocidad botatzea dago jasota.
Ondarearen suntsipen hori salatzeko eta Pequeña Velocidad Oroimen Demokratikoaren gune izendatzea eskatzeko agerraldia egin zuen Peli Lekuona kazetari eta Kepa Ordoki Memoria Historikoa elkarteko bozeramaileak.
Urriaren 20an Espainiako Senatuan onartu zen memoria Demokratikoaren Legea babes, Espainiako Gobernuaren Presidentetza Ministerioaren Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzari zuzendu zaio, bai eraikina babesteko eta Frankismoaren Biktimen Memoria zentroa izateko. “Estatuko lehena litzateke”, azaldu zuen Lekuonak.