Aldundia, etsita: "Frantziak mugako kontrolekin jarraituko du, auto-ilarak izan arren"
A-8 eta A-63 autobideen artean auto-ilarak ekiditeko gaitasuna izan arren, Frantziako Gobernuaren neurriak horretarako traba direla adierazi du aldundiak.
Bidegik eta ASFk (A-63 autobidea kudeatzen duen Frantziako Estatuko erakundea) bilera egin zuten atzo, Biriatuko bidesariaren inguruan neurriak azter zitezen, udan batez ere izaten diren auto-ilarak ekidite aldera. Ilara horiek Bidasoaldea osoa kolapsatzera iristen dira. Ezkor azaldu dira Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Bidegiko kideak, baita Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua ere. “Frantziak mugako kontrolekin jarraituko du, auto-ilarak izan arren”, esan dute aldunditik.
Bidegik adierazi du bere esku dagoena egiteko prest dagoela. Baina auto-ilarak daudenean Biriatuko bidesariko hesiak zabaltzea ez dela horiek saihesteko soluzioa izango, Frantziako Gobernuak erabakia baitu errepidearen bere aldean pertsonak eta salgaiak kontrolatzeko neurriekin jarraitzea, hau da, kontrolekin aurrera egitea. “Horren erakusgarri da Frantziako Gobernuak Europari egindako eskaera, Schengengo akordiotik beste sei hilabetez salbuesteko eskatuz, segurtasun nazionalagatik”, adierazi du aldundiak.
ASFk, bere aldetik, ez du ezkutatu etsipen sentsazioa. Haiek jakin badakite Bidasoa ibaiaren Gipuzkoako aldea maiz kolapsatzen dela, baina Frantziako poliziaren aginduen-pean daudenez, zirkulaziorako zabalik dauden kabinen kopurua murriztera behartuta daude, ia erdira. Beraz, Bidegik eta ASFk azaldu dutenez, badute gaitasuna auto ilara horiek egoki bideratzeko, baina Frantziako Poliziaren aginduak bete behar dituztenez, ezingo dute neurri eraginkorrik hartu. Beraz, auto-ilarek jarraituko dute. Bi erakundeak hiru hilean behin biltzekotan gelditu dira.
Espainiako Gobernuari eskaera
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak Espainiako gobernuari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala mugan “ordena” berrezartzeko. “Biriatuko auto-ilararena arazo errepikakorra da; izan ere, Frantziako poliziak egiten dituen kontrolengatik, edo kamioiak pilatzeagatik, Frantzian ibilgailu astunentzako trafikoa murriztuta egon ondoren, kilometro-ilarak sortzen dira, eta Bidasoaldeko eta Donostialdeko ingurunea erabat kolapsatzen dute. Auto-ilara horiek behin eta berriz gertatzen dira Gipuzkoako aldean, gidarien eta garraioko profesionalen nerbioak proban jarriz. Ez da gaurko arazoa, ezta egun batekoa ere, urte asko daramatzagu horrela, administrazioak konpondu gabe”.
Aldundiak adierazi du ez dagoela bere esku auto-ilaren arazoari irtenbidea ematea, Frantziako Gobernuaren erabakien menpe utziz arazoa. “Ezin dugu eraginik izan auto-ilaretan, beraz, hesiak igotzea ez da soluzioa”.