Txanogorritxoren ipuina erakusleihoetara
Hondarribiko hamaika saltokik hilabetez izango dute erakusleiho berezia. Interakzioa, mugimendua eta ipuina batzen dituen proiektua da.
Hondarribiko hamaika saltokik, hilabetez, erakusleiho berezia izango dute, Txanogorritxo izango baita horien protagonista. Hondarribiko Udal Liburutegiak hiriko merkatariekin eta Hondarribiko Udalarekin elkarlanean gauzatutako ekimena da eta gaur goizean Joxean Harategiaren aurrean bildu dira proiektuaren berri emateko. Erakusleihoetako atrakzioekin dendetako ikusgarritasuna handitzea eta jendea erakartzea espero dutela azaldu du Maria Serrano zinegotziak.
Apaingarriak egiteko liburutegiaren ideia, irudiak eta moldaketak baliatu dituzte. Lana egin ondoren, orain, “egindako lanaz gozatzeko eta momentu goxo bat pasatzeko momentua” dela esan du Mario Etxebarriak apaingarrien koordinatzaileak. Gainera bertako merkataritza balioan jartzeko proiektu bikaina dela gaineratu du.
Interakzioa, mugimendua eta ipuina batzen dituen proiektua da. Denda bakoitzak erakusleiho ezberdina izango du, irudi eta maketa ezberdinekin. Denetan esku itxurako interakzio bat egongo da, eta eskua pasatzerakoan argi eta irudi bereziak agertuko dira. Eskuaren ondoan QR bat dago eta haren bidez Txanogorritxoren istoria euskaraz eta gazteleraz, audio zein testu bidez ezagutu ahal izango dute. Txanogorritxoren ipuina oinarri zuten bost liburu hartu eta horien inguruko moldaketak egin dituzte liburutegian. Audio horien ahotsak liburutegiko erabiltzaile diren 23 gaztek ezarri dituzte.
Istorioa osoki ezagutzeko ibilbide zehatz bat egin beharko da ekimenean parte hartu duten dendetatik barrena: Joxean Harategian hasiko da. Ondoren Conservas Hondarribia denda, Okil Denda Store, Xera Lencería, Xera Estetika, Done Pedro, Guauxua, Canela, Ongi Etorri, Lamiarri eta azkenik, Bale Urdinan amaituko da ipuina.
Liburutegiarentzako komunitatea oso garrantzitsua da. Hala adierazi du Nekane Barandiaran liburuzainak. Txanogorritxoren erakusleihoak bezalako proiektuen bidez bertako eragile askoren arteko elkarlana sustatzea dute helburu.