Pumptruck bat egiteko lanak esleitu dituzte
Elizatxo hiribidearen eta Bizkaia kalearen arteko espazioan kokatuko dute, Porcelanaseko biribilgunearen ondoan. Hiru zirkuituz osatuko dute, maila ezberdinetarako, eta txirrindulari eta patinatzaileentzako dira aproposak.
Irunek pumptruck bat izango du aurrerantzean Elizatxo hiribidearen eta Bizkaia kalearen arteko espazioan, Porcelanaseko biribilgunearen ondoan. Pumptruck kirol modalitateetan, txirrindulari eta patinatzaileek oztopo txikiak gainditu behar dituzte pistan aurrera egin ahala, abiada hartu edo pedalei eragin gabe. Pumptrucka eraikitzeko lan horiek Poolsport Soluciones S.L. enpresari esleitu zaizkio, eta 376.456,25 euroko aurrekontua izango dute.
Pumptruckak ondulazio biribilez hornitutako asfaltozko inertzia zirkuitu zirkularrak dira, eta maila guztientzako erabiltzaileentzat dira aproposak. Zirkuitu horietan bizikletak, patinak, monopatinak eta mikropatinak sar daitezke. Asfaltoak ongi eusten die gurpilei, baita lurra bustia dagoenean ere. Asfaltoak instalazioa egoera onean dagoela bermatzen duela esan du Irungo Udalak, eta mantentze lanen beharra murrizten da.
Eskaria, eremua, eskualdeko erabiltzailearen profila eta jardueraren etorkizuneko aurreikuspena aztertu ondoren, maila ezberdinei zuzendutako hiru zirkuitu proposatu direla zehaztu du udalak: hastapeneko zirkuitua, amateurrentzako zirkuitua eta pro zirkuitua. Hiru instalazioek erabiltzaileei oinarrizko mailatik profesionalera joateko aukera emango diete. Zirkuituek diseinu eta tamaina ezberdinak izango dituzte, eta egokiak dira jende guztiarentzat.
Hastapeneko zirkuituak 70 metro lineal ditu eta hasi berrientzako bi peralte eta oztopo aproposak dauzka. Amateurrenak, aldiz, 120 metro lineal ditu, eta erdi mailako erabiltzaileentzako sei peralte eta oztopo aproposak dauzka. Azkenik, pro zirkuituari dagokionez, 100 metroko zirkuitu bat izango da, hiru peralterekin, eta maila altuko teknikak aplikatzeko aukera ematen dituzte oztopoek.