Lorategi bat egiten ari dira Beraketa eta Saraseta karriken artean
850 metro karratu izango ditu, bi karriketatik sarbidea eta bertan dauden bi zuhaitz handiak izango dira protagonistak.
Berriz urbanizatzeko lanak egiten ari dira Fermin Calbeton, Sarasate eta Beraketa karriketan. Guztira 1.800 m2 hartzen dituen eremuan ari dira egiten jarduketak, eta aldaketa handiena 850 m2ko lorategi bat sortuko dutela izango da, Beraketa eta Sarasate karriken artean. Informazio guzti hori helarazteko agerraldia egin dute alkateak eta Miguel Angel Paez, alkateordeak.
Lorategia eraikitzea espazio berrien deskubrimendutzat jo ditu Santanok, eta aldi berean, hiriko lekurik historikoenean lan hauek egitearen garrantzia adierazi du. Paezek gaineratu du obra hauek Plan Orokorraren zehaztapenarekin bat egiten dutela. Horrez gain, lan hauek oso konpletoak direla esan du, “hiriko ondarearen barruko elementu bat konpontzea ekarriko baitu”.
Lorategia
Orain arte jabetza pribatua izan du lorategia egongo den lekuak. Bertan, bi zuhaitz handi daude, “inguruko adierazgarrienetakoak” eta ziur esan du Santanok lorategian gailenduko direnak izango direla. Oinezkoentzako bideak sortuko dira zuhaitz horien bueltan, eta arbolak altzariekin eta argiekin nabarmendu nahi dituzte.
Xehetasunei erreparatuta, Beraketa karrikako galtzada, harrizko zolagaina, konponduko dute eta kale horren zati bat ireki egingo da. Beraketa karrikari dagokion horma kendu egingo dute eta eserleku batzuk jarri. Era horretan, sarbide bat sortuko dute karrika horretatik lorategira, eta beste sarrera, Fermin Calbetonetik izango da, eskailera batzuekin.
Lorategiaz gain, Beraketa karrikako kalezuloa berrituko dute. Irungo karrikarik zaharrenetakoa da, hain zuzen ere, XVII. mendeko aipamena izan dute eredu udal agintariek. Hortaz, ondare arkeologiko gisa katalogatuta dago eta dagoen bezala kontserbatu behar dute, konponketak edo osaketa lanak eginez.
Sarasate kalea, aldiz, zabaldu egingo dute eta 6,5 metro izango ditu. Gainera, galtzada zuzenduko dute “tripa” jaisteko eta espaloia handitzeko, museoaren ondoko aldean. 2,20 metro zabalerakoa izango da eta orain arte gisan bidea oinezko eta ibilgailuentzat izango da, 3,50 metrokoa.
Aurreikuspenen arabera, urte honen amaieraren eta datorrenaren hasieraren artean bukatuko dira lanak.