Martxoan amaituko dituzte Emakumeen etxeko lanak
Emakumeen etxeari buruzko azken berriak eman ditu Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak. Zuzendaritza batzorde probisional bat eratu dela aurreratu du.
Indarkeria matxistari aurre egiteko kanpaina aurkeztu du gaur Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak, eta Emakumeen Etxearen prozesua orain zein egoeratan dagoen HITZA-ri erantzuteko probestu du parada.
Duela gutxi Emakumearen etxean lan egingo duen elkartea eratzen ari direnekin bilera egin zuela azaldu du Etxebestek, eta haien artean asanbladaren bat egin dutenaren susmoa dauka. Izan ere, zuzendaritza probisional bat izendatu dutela aurreratu du eta elkartearen estatutuak laster erregistratuko dituztela.
Istillaga plazan egongo den lokaleko obrak, hilaren 17an hasi zirela adierazi du zinegotziak eta obra horien gehienezko iraupena sei hilabetekoa dela. Dena den, lehenagotik amaitzea espero du, erreforma lanak direlako, “ez dira hainbeste luzatzen”.
Martxorako ireki ahal izatea espero du zinegotziak eta ziur aski jada izendatu duten zuzendaritza batzordea izango dela inaugurazioa egingo duena esan du Etxebestek.