Indarkeria matxistaren udal kanpainak helduengana iritsi nahi du
Bost hizkuntzatan landu dute kanpaina eta azalpen gida. Helduek normalizatuta dituztela jarrera desegokiak azaldu du Miren Etxebeste, Berdintasun zinegotziak.
Berdintasun arloak indarkeria matxistaren aurkako kanpaina prestatu du eta horri buruzko xehetasunak emateko agerraldia egin du Miren Etxebestek, Berdintasun zinegotziak. Iaz, azaroa, indarkeria matxistaren aurkako hilabete izendatu zuten eta hil osoko komunikazio kanpaina bat egin; aurten ideia horri eutsi diote ere.
2021ean gazteengan eta garai horretan agertzen diren genero indarkeriaren lehen zantzuetan jarri zuten fokua, “kontrola, harreman sozialak sare sozialetan…” oroitu du Etxebestek. Esate baterako, ‘ez nauzu maite’ edota ‘kontrola ez da maitasuna’ bezalako mezuak erabili zituzten. Oraingoan, kanpaina horretako mezuak presente izango dituzte, baina helburua helduen artean mezu berdinak zabaltzea izango da.
Berdintasun zinegotziak dio helduek normalizatuta dituztela hainbat jokabide eta jarrera desegoki, eta ez dituztela indarkeriarekin identifikatzen, “baina indarkeria dira”. Hori hala dela ikasi egin behar dela iritzi du Etxebestek eta kanpainaren xedea, beraz, hori izango da.
Horretarako, komunikazio kanpaina bat egingo dute azaroaren 7tik 28ra bitartean. Hiru indarkeria motatan zentratutakoa izango da: indarkeria bikarioa, indarkeria psikologikoa eta indarkeria ekonomikoa. Kanpaina hau Genero Indarkeriaren Aurkako Espainiako Itunaren bitartez sortutako diru lerro bati esker finantzatuko dela azaldu du udal ordezkariak.
Kanpaina
Indarkeria bikarioa, indarkeria psikologikoa eta indarkeria ekonomikoan zentratuko da. Kanpaina bost hizkuntzatan egingo da lehen aldiz; euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz eta errumanieraz. Horiek dira Irunen gehien hitz egiten diren hizkuntzak, Etxebestek jakinarazi duenez.
Baina bost hizkuntzetan egiteko arrazoia ez da hizkuntzaren erabilera soilik, baizik eta Espainiako Berdintasun Ministerioaren inkestetan jaso dutenez emakume migranteetatik 4tik 3k bizi dute indarkeria matxista. “Horiengana ere bai iritsi behar gara” azaldu du zinegotziak.
Indarkeria matxista pairatzen duten eta migrantea diren askok ez dakitela gaztelaniaz irakurtzen baieztatu du Etxebestek, eta gaineratu du informazioa ez iristeko beste arrazoietako bat kontrolpean bizitzea izan ohi dela ere. “Ez zaie informazioa iristen bertako emakumeei iristen zaien bezala”.
Kartel horietan biolentzia matxistari lotutako mezu kontrajarriak ikusiko dira, bata emakumearen ahotsetik eta bestea gizonaren ahotsetik esandakoak. Era berean, irudi horietan agertzen diren pertsonen fisikoari ere erreparatu diote, kanpaina hau Irunen bizi diren guztiei zuzenduta dagoelako, zinegotziak argitu nahi izan duenez. “Begi bistako kolpe bat izango da, nori zuzenduta dagoen ikusteko. Pedagogia egin behar dugu gai honen inguruan”.
Gida
Azalpen gida bat ere jorratu dute. Bertan, indarkeria zantzuak eta indarkeria horiek zeintzuk diren jaso dituzte. Asmoa, biktimak bere burua identifikatzea edota edozeinen inguruan egon daitekeen biktimak identifikatzen laguntzea da, ondoren laguntza eskatzeko urratsa eman dezaten.
Gida hauek espazio publikoetan jarriko dituzte, baita Irungo Udalaren webgunean, ikastetxeetan eta osasun zentroetan ere. Azken leku hauei arreta berezia eman nahi izan diote; izan ere, osasun etxeetan emakume migratuak mugitzen direla badakitela zehaztu du Etxebestek. Horretarako, OSI Bidasoarekin elkarlanean dabiltzala adierazi du zinegotziak. “Uste dugu garrantzitsua dela horrelako esparruetan horrelako materiala edukitzea. Irisgarriagoa egiten da”.
Azaroak 25
Hilabete osoan egingo den lanketaren berri eman du hasieran, baina ea egunean bertarako zer ari diren prestatzen galdetuta, Irungo Mugimendu Feministarekin, elkarteekin eta ikastetxeekin egitarau bateratu bat sortzen ari direla esan dio HITZAri. Bihar arte dute epea egingo dituzten ekintzen berri emateko. Horrez gain, adierazpen instituzional bat lantzen ari direla aurreratu dute.