Biharko osoko bilkuran 17 puntu izango dituzte aztergai
18:00etan hasiko da bihar osoko bilkura. Hona hemen udal taldeek aurkeztu dituzten proposamen eta mozioak.
Urriko osoko bilkura egingo dute bihar eta bilkura luzea izango dela aurreikusten da. Oraingoz 17 puntu izango dituzte aztergai udalbatzarreko kideek, baina, azken unera arte proposamenak aurkezteko aukera izango dute alderdiek.
Udal gobernuak Agenda 2030aren Ekintza Plana eta Garbikuntza kontratuaren luzapena lehenetsi ditu.
- Ekintza planari dagokionez 2009an onartu zen lehen ekintza plana, orduko hartan Agenda 2021 deitzen zena. 2017an plana berrikusteko prozesua abiarazi zuen udalak. Lehenik Hondarribiko diagnostikoa egin eta prozesu parte hartzaile baten bidez jasotako ekarpenekin II. ekintza plana osatu dute. Halaber, planarekin lotura duten hobariak onartzea bozkatuko dute: Ondasun higiezinen zergaren kuota osoaren %50eko hobaria eskaintzea; zerga kuota osoaren %50eko hobaria eta eraikuntza eta instalazio obretan %95eko hobaria.
- Garbikuntza zerbitzuaren kontratuari dagokionez, ISS enpresari kontratua urtebetez luzatzea bozkatuko da. Alkateak atzoko prentsaurrekoan aurkeztu zuenez, kontratuaren luzapena ziurtasuna bermatzeko hartutako erabakia da: “Gaia ez da kontratutik gabe konponduko, hitzarmenarekin konponduko da”. Izan ere, udalak kontratutik gabe zerbitzua bederatzi hilabetez soilik luzatu dezake, ziurgabetasuna eraginez. Bestalde, lehiaketa berri bat egiteko prest agertu dira, baina plegu berriak idazteko hitzarmen berriaren beharrean daudela gogorarazi dute “berria hitzartu ezean, hitzarmen zaharra erabili beharko genuke eta arazoak berdina izaten jarraituko luke”.
Abotsanitzek hiru mozio aurkeztu ditu: berdintasun politikaren inguruan, eragin linguistikoaren inguruan eta aurrekontu parte hartzaileen inguruan.
- 2020an onartu zen Hondarribiko I. Berdintasun plana baina taldeak azaldu duenez, plana gauzatzea eragozten duten baliabideak falta zituen, eta egun, garrantzitsuak diren tresna eta faseak burutu gabe daudenez, ekimen eta politiketan “genero ikuspegi falta nabaria da” eta beraz, horiek “irizpide estetikoei” erantzuten dietela azalduko dute. Beraz berdintasun mahai bat eratzea eskatuko dute.
- Udalerrian egiten diren proiektuek euskararen erabileran izan dezaketen eraginak ebaluatzearen beharra ikusi dute. Izan ere, euskararen erabilerak beheruntz egin du Hondarribian (Soziolinguistika Klusterraren datuei erreparatuz). Hortaz, herri ordenantza berri bat burutzea proposatu dute.
- Abotsanitz taldeak herritarren parte hartzea bultzatzeko, izan udalbatzetan, udal batzordeetan, foroetan, aurrekontuen osaeran edo beste hainbat esparrutan. Zentzu horretan, 2023. urterako Aurrekontu Orokorra abiatzeko prozeduran herritarrek parte hartzeko prozedura bat irekitzea proposatu dute, 450.000 euroko aurrekontuarekin.
Hondarribiko PSE-EEk mozio bakarra aurkeztu du:
- Urriaren 31a Gerra Zibilaren eta diktaduraren omenezko eta memoriazko eguna izendatzea proposatu dute.
Azkenik, Akartegi Guraso Elkarteak udal eraikinetako garbiketa zerbitzuko langileen grebari buruzko mozioa aurkeztu du. Eta Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk Puntaleako 5. etxadiko etxeei buruzko mozioa sartu dute. HAPOa baliogabetu zenean eraikinak babesik gabe geratu zirenez, horiek kontserbatzeko Jaurlaritzako babes neurriak har ditzala eta udalak hori gauzatzeko beharrezkoak diren kudeaketak egin ditzala eskatuko dute.
Osoko bilkura Hondarribiko Udalaren youtubeko kalanean jarrai daiteke.