Garbitzaileek "ez gure izenean" esan dute
Gaur ez ohiko bilera izan dute garbitzaileek udal gobernuko ordezkariekin. Bilerak bereizgarri bat izango zuelakoan, ezer aldatu ez duela salatu dute.
Atzo arratsaldean, 20:30ean, jaso zuen garbitzaileen ordezkariak Hondarribiko lehen alkate ordearen deia. ISS enpresak eskatu bezala, garbitzaileek proposamena idatzita emailez bidali zieten udalari zein enpresari, eta horren inguruan hitz egiteko ez ohiko bilera proposatu zieten lehenengoek.
Gaur goizean 08:20ean bildu dira udaletxean, lehen alkate ordearekin eta hirugarren alkate ordearekin. Bileraren ezohikotasuna kontuan hartuz, aurrerapauso bat gerta litekeela uste zuten, baina berriro ere “kamuts” geratu da.
Garbitzaileek “ez gure izenean” esan dute eta gaurko bileraren ondoren zenbait hausnarketa egin dituzte: Udalari gaurko bilera beraiekin harremanetan daudela esateko “erabili ez dezatela” eskatu diote eta bitartekari lana “mezuak pasatzea” ez dela salatu dute, hori beraiek ere egiten dutela. Bestalde, Gobernu taldearen “ardura” enpresa presionatzea dela azaldu dute, baina orain arte “kontrakoa” egiten ari direla. Azkenik, gaurko bilera “orain arteko jarrera zuritzeko” izan dela salatu dute.