Ekitaldi atsegin batez gozatu zuten BATeko kideek
Bi urteko hutsunearen ondoren, Bidasoa Atletiko Taldeak 2022ko denboraldiaren errepaso bat egin eta sariak banatu zituzten.
Pandemiak eragindako bi urteko hutsunearen ondoren, berriro ospatu zen Bidasoa Atletiko Taldearen (BAT) urteko gala. 200 pertsona baino gehiago bildu ziren ekitaldian, 2022. urteko balantze bat egin eta denboraldiko sariak banatu zituzten. Ficoban eta Iñigo Lavado jatetxean egindako galan, sorpresak egon ziren eta klubaren jantzi berriak aurkeztu zituzten.
Ibon Muñozek eta Joseba Sarriegik gidatu zuten saioa, eta azken bi urteen errepasoarekin hasi zuten ekitaldia. Hasiera horretan klubaren historiako lorpen nagusietako bat gogorarazi zuten: Teresa Errandonearen Joko Olinpikoetako partaidetza.
Momentu horretan iritsi zen ekitaldiko lehen sorpresa, Errandoneak Borja Ganzaraini (Salto), Javier Olmosi (Super Amara), Jose Antonio Santanori (Irungo alkatea), Txema Sotori (BATeko presidentea) eta Ibon Muñozi (Errandonearen entrenatzaile ohia) oholtzara igotzeko eskatu baitzien. Bertan zirela, atleta irundarrak Joko Olinpikoetako hesi zati bat eman zien bakoitzari (albisteko argazkian ikus daiteke).
Ondoren, ekitaldia 2022. urteko denboraldian zentratu zen, eta sasoiko lorpen esanguratsuenak aitortu zituzten. Horren harira, Espainiako Txapelketetan finalera edo podiumera iritsi ziren kirolariak errekonozitu zituzten, baita errekorrak hautsi dituztenak ere. Orotara, hogei atleta baino gehiago igo ziren oholtzara momentu horretan.
Klubean parte hartze gehien izan dituzten boluntarioak ere aitortu zituzten. Gauzak horrela, Nora Aramendi, Leire Martiarena eta Luken Aizpurua 100 euroko txeke batekin saritu zituzten Salto babeslearen eskutik Robers dendan gastatzeko.
Mikel Campon eta Teresa Errandonea ere goraipatu zituzten, bi atletak kluben arteko ligetan puntu gehien eskuratu dituztenak baitira. Camponek 196 puntu lortu ditu eta Errandoneak, berriz, 380,5. Asier Zarandona disko tiratzaileak klubean izandako ibilbidea ere goraipatu zuten.
Aitortza eta sarien ondoren, denboraldiko jantzi berriak aurkeztu zituzten, eta 2023ko sasoiari ongi etorria eman zioten.
Batawards sariak
Lehiaketa alde batera utzita, Batawards sariak ere banatu zituzten. Sari horietan, kirolariek euren taldekideak bozkatzen dituzte, eta helburua da euren arteko harremanak estutzea eta une dibertigarriak pasatzea.
Ekitaldia bukatuta, bildutako guztiak Iñigo Lavado jatetxera joan ziren afariaz gozatzera.