Irundarrak nagusitasunez gailendu ziren Aguas Sanas Milaneza portugaldarren aurka (35-26), eta hasiera aparta eman diote txapelketari.
Bidasoa Irunek ezin hobe hasi zuen atzo EHF European Leagueko multzoen fasea. Irundarrak nagusitasunez gailendu ziren Aguas Sanas Milaneza talde portugaldarraren aurka (35-26), eta bere egin dituzte jokoan zeuden lehen bi puntuak.
Partidako lehen minutuak berdinduak izan ziren, Mihajlo Mitic bidasoar jokalariak Bidasoa lehen aldiz markagailuan aurretik jarri zuen arte. Momentu hartatik aurrera, Jacobo Cuetararen mutilak nagusi izan ziren norgehiagokan, eta atsedenaldira hiru goleko errentarekin iritsi ziren (16-13).
Bigarren zatiak ere kolore horia izan zuen nagusi hasieratik bukaerara, Artalekun bildutako 1.424 zaleen gozamenerako. Defentsan oso serio egonda, markagailuko aldea sei eta zazpi golera handitu zuten 40. minuturako. Hortik bukaerara, partidaren nondik-norakoak ez ziren aldatu, eta bidasoarrak bederatzi golengatik nagusitu ziren (35-26).
Europa Leagueko lehen garaipena lortuta, Bidasoaren egutegiak ez du etenik izango, eta larunbat honetan izango dute hurrengo erronka Artalekun Helvetia Anaitasunaren aurkako derbian, 19:00etan.