Bost eszena antzeztuko dituzte, San Martzialeko bataila aitzaki
Lehenik, gaztelaniaz interpretatuko dituzte, eta azaroaren 19 eta 26ean, euskaraz. Ibiltaria izango da antzerkia.
Antzerki eszena ibiltariak egingo dituzte San Martzialeko 1522ko guduaren V. mendeurrenagatik. Irungo Udala ari da mugarri historiko hau sustatu nahian, eta gaurko egitasmoaren aurkezpenean, Jose Antonio Santano egon da, Ana Galdos historialariarekin, Ana Perez antzerki zuzendariarekin, eta Maria Alonso eta Xabier Soret aktoreekin.
Irun XVI. mendean nolakoa zen ulertzea da bost eszena hauen asmoa. Azaroko bi larunbatetan egingo dira antzerkiak, toki ezberdinetan.
Lehen hiruak, azaroaren 19an izango dira, 11:00etatik aurrera eta ondorengo tokietan, hurrenez hurren: Junkal plazatxoan, San Juan plazan eta Ama Xantalen ermitan. Beste bi azaroaren 26an egingo dira, Gazteluzaharreko gazteluan, 11:30ean hasita.
Gaztelaniazko antzezlanek egitura berdina izango dute, lehenik hiru eta gero bi, leku eta ordu berdinetan. Kasu honetan, azaroaren 5 eta 12an izango dira.
Gidoiak Ana Galdós historialariak idatzi ditu, eta zuzendaritza artistikoaz Ana Pérez arduratu da. Gainera, txistulari bandak guduaren garaia girotzen laguntzeko musika joko du.