Bidasoak gaur hasiko du European Leagueko ibilbidea
Irundarrek Aguas Sanas Milaneza talde portugaldarra jasoko dute Artalekun, 20:45ean. Jacobo Cuetarak oso motibatua ikusten du taldea.
Bidasoa Irunek gaur hasiko du EHF European Leagueko multzoen faseko ibilbidea. Aguas Sanas Milaneza talde portugaldarra jasoko du Artalekun, 20:45ean (ETB4 eta DAZN). Gaurkoa izango da D multzoan jokatuko diren hamar partidetan lehena.
Jacobo Cuetara bidasoarren entrenatzaileak onartu du “oso motibagarria” dela beste urte batez European Leaguen parte hartu ahal izatea eta “oso harro” daudela lorpen hori eskuratzeaz: “Oso pozik eta ilusioz gainezka gaude multzo fasearekin, aurkari handien aurka hamar partida ziurtatuta ditugulako”.
Cuetarak motibatua ikusten du taldea, eta arerio portugaldarrak garaitzeko gakoak eman ditu: “Gure maila eman behar dugu, hori da gakoetako bat. Duten joko hori defendatzeko gai bagara, defentsan sendo, asko irabaziko dugu, baina zaila da, oso ondo jokatzen baitute”. Horrez gain, Bidasoako prestatzailea “ziur” da Artalekuren babesak lagunduko diela, eta partida aurrera atera ahal izateko “eskubaloi ona” jokatu beharko dutela.