Alkateak Itzuliko edo Vueltako etapa bukaera bat nahi du
Espainiako Vuelta Irundik bitan atera ondoren, hiria etapa bukaera izan dadin eskatu die Santanok Julian Eraso eta Javier Guillen antolatzaileei.
Jose Antonio Santano alkateak eskutitz bana bidali die Euskal Herriko Itzuliko Julian Eraso zuzendariari eta Espainiako Vueltako Javier Guillen zuzendariari Irun txirrindularitza lasterketa horien datozen edizioetako helmuga izateko. 2020ko Espainiako Vueltako edizioa Irundik atera zen, eta aurten ere, abuztuaren 24an, hiriak lasterketa horren bosgarren etaparen hasiera jaso zuen. Orain, baina, Santanok gehiago nahi du, eta Itzuliko eta Vueltako antolatzaileei helmuga izateko eskatu die.
Guilleni bidalitako eskutitzean, alkateak jakinarazi dio hiria “poz-pozik” gelditu zela tropela Irundik pasatzearekin. Lasterketa zela eta, Irunera jende asko gerturatu zela azaldu dio Santanok, eta horrek guztiak “oso eragin ona” izan zuela “hiriaren irudi onean eta hiriko ekonomian”. Santanok argi plazaratu dio bere helburua: “Vueltako etapa baten helmuga izatea gustatuko litzaiguke”.
Bestalde, Erasori helarazitako idatzian, honakoa proposatu dio alkateak Itzuliko antolatzaileari: “Zer aukera ditugun entzuteko prest gaude, eta etapak hitzartuta badaude, beste edizio baterako hitz egin genezake, baina gure lehentasuna etapa bat hemen bukatzea litzateke”. Helarazi dizkion proposamenen artean, Irunen barrena murgilduko den erlojupeko bat egitea gustatuko litzaioke Santanori, igoeraren bat sartuta, “oso interesgarria bailitzateke ikuskizunerako eta lehiarako”.
Santanok azaldu du Irunek azkenaldian txirrindularitzarekin izan dituen esperientziak “oso-oso onak” izan direla, eta “ildo beretik” jarraitzea gustatuko litzaiekeela. Horrez gain, Emakumeen Euskal Herriko Itzuliaren mugimenduen berri izatea nahiko lukeela plazaratu du, “bi ekitaldiak uztartuko ahalko bagenitu ere”.
Bukatzeko, alkateak gogorarazi du datorren urtean Frantziako Tourreko hirugarren etapak Irun zeharkatuko duela uztailaren 3an, Zornotzatik Frantziara doan etapan.