Jokorik onena erakutsi zuen Txingudi Touchek
Zein nolako jokoa egin nahi duten erakutsi dutela dio Gari Mendizabal jokalariak.

Denboraldia hasi du Txingudi Touchek eta sentsazio onarekin geratu dira. Lehen partida Valladolideko Arroyo de la Encomienda herriko El Salvadorren kontrakoa izan zen eta oso gutxigatik galdu zuten bidasoarrek (6-7).
Taldearen esanetan beste itxura bat eman zuten jokatu zuten bigarren partidan, Madrilgo Titanes garaitu zutelako 8-2 emaitzarekin. Hirugarren norgehiagokan sufritu egin zutela dio taldeak, lesionatutako jokalariak ez zirelako zelaira atera, batez ere. Baina azken momentuan markagailuari buelta eman zioten eta 5 eta 4 irabazi zuen Txingudik.
Gari Mendizabal jokalariak esan zuen lehen aldia zela hiru aurkari aurrean izan zituztela eta oso pozik daude egindako lanarekin, “gure jokorik onena erakutsi dugulako”. Kalitatea erakutsi dutela baieztatu du Mendizabalek, badakitela zertara jokatu nahi duten eta azpimarra jarri du forma fisikoa hobetu behar dutela.
Asteburu honetan egindako emaitzak ez du balio sailkapenerako, taldea ez delako mistoa. Jokalariek generoarena ezinbesteko baldintza da ligan jokatu ahal izateko eta hori lortuko dutela ziur dago taldea: “Eskualdean errugbi modalitate hau ezagunago bihurtu ahala jendea etortzera animatuko dela espero dugu eta, horrela, talde misto bat osatu ahal izango baitugu lehiatu ahal izateko.”
14 eta 16 urtez azpikoak
Ordiziako 7ko errugbi txapelketan egon ziren 14 urtez azpiko neska mutilak. Guztira bost partida jokatu zituzten Ordizia Bren aurkari, bina Hernaniren kontrak eta azkenik Bera Berarekin partekatu zuten zelaia.
Bestalde, 16 urtez azpikoak lagunarteko hiruko txapelketa jokatu zuen Donostian Bera Bera eta Ordiziaren aurka.
Taldearen materiala
Taldea promozionatzeko materiala Colon ibilbidean ireki berri duten Biok dendan jarri dutela jakinarazi du Txingudi Zaisak. Bi erakundeen arteko harremanean urrats bat eman dutela adierazi dute, martxoan sinatu baitzuten babes akordioa.
Bestalde, promoziorako ere balioko die urriaren 28 eta 29an Karrika Nagusian egingo den Oktoberfestak. Hurrengo egunetan xehetasun gehiago emango dituztela aurreratu dute.