San Migel Konpainiak bere asmo eta helburuak plazaratu ditu
"Gure asmo garrantzitsuena denok elkarrekin alardean desfilatzearena da", iragarri zuten ostiralean euren lehen agerraldi publikoan.
San Migel Konpainiak lehen agerraldi publikoa egin zuen iragan ostiralean konpainiaren inguruko informazioa helarazteko eta euren asmo eta helburuez mintzatzeko. Kideek azaldu zuten bi hilabete daramatela “gogotsu” lan egiten auzoko konpainia aurrera ateratzeko eta hurrengo urteko ekainaren 30ean desfilatu ahal izateko. “Gure asmo garrantzitsuena denok elkarrekin alardean desfilatzearena da”, baietsi zuten kideek konpainiak dituen helburuez.
San Migeleko kideak abuztuan elkartu ziren lehenengoz konpainia sortzeri buruz hitz egiteko eta ‘San Migel Konpainia 2023’ proiektua sortzeko. Momentu honetan, bizilagun dezente dira “irmoki eta ilusioz” lan egiten ari direnak: “Azpimarragarria deritzogu bai ez dutenek inoiz alardean parte hartu bai orain arte beste konpainia batzuetan, bi alardeenak, parte hartu duten jendeak osatzen dugula talde hau. Oso kontent gaude hain denbora gutxian hainbeste jende batu izanagatik”.
Lanean daramaten denboran, portaletan ‘San Migel Konpainia 2023’-ko kartelak jartzen aritu dira, “auzoko bizilagun guztiek” euren intentzioen inguruan jakin dezaten. Aldi berean, “tamalez”, jendea jartzen dituzten kartelak arrankatzen ari dela salatu zuten konpainiako kideek.
Bukatzeko, jende guztia animatzen dute parte hartzera eta hiriko jaiak “adiskidetasunean disfrutatzera, betiere inor atzean utzi gabe”.
Eurekin harremanetan jarri ahal izateko eta informazioa jasotzeko, sanmiguelkonpainia@gmail.com helbide elektronikoa, eta Facebookeko eta Instagrameko (@sanmiguelkonpainia) kontuak sortu dituzte.