Olaberriko plan bereziaren erakusketa jarri dute
Planari ekarpenak egiteko aukera dago Olaberriko eskola zaharrean jarri duten erakusketan. Azaroaren 5era arte egongo da.
Olaberria babesteko plan bereziaren xehetasunekin osatutako erakusketa zabaldu zuten urriaren 17an, eta azaroaren 5era bitarte egongo da zabalik, Montes Iturriotz eskola zaharrean, Olaberriko errepidea, 55 zenbakian.
Duela gutxi eman zitzaiola planari lehen onespena adierazi du udalak, eta hori urrats garrantzitsutzat jo zuten. Horrez gain, azken aldian inguru hori babesteko eta kontserbatzeko beste zenbait lan kontuan izan behar direla ere dio udalak, “narriatutako espazioak berreskuratzea, funtsean”.
Erakusketarekin Olaberriko naturaren aberastasuna ikusarazi nahi dutela azaldu zuen Jose Antonio Santano alkateak, baita planean jaso dituzten lanen helburuak herritarrei erakusketa ere.
Lanak egingo dituzten eremuaren ezaugarri nagusiak bildu dituzte erakusketan, euskarri grafikoei esker. Erantzun nahi izan dituzten galderak, ‘zer da plan berezia?’, ‘zer irizpide ditu?’ eta ‘zer helburu lortu nahi ditu?’ izan dira.
Arestian aipatu moduan Olaberriko errepidea 55 zenbakiko eskola zaharrean dago erakusketa, azaroaren 5era arte, astelehenetik ostiralera, 15:30etatik 19:30etara eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara. Gainera, ekarpenak egiteko kutxa bat jarri dute eta plana interneten ikusgai.
Plana
Planaren ildo nagusien artean lehentasuna duena hiri antolamenduko plan orokorraren antolamendua osatzea da. Horretarako, elementu naturalak, eraikinak, elementu arkeologikoak eta paisaia babesteko arauen bidez, Olaberriko biodibertsitatea kontuan izan nahi dituzte. Era berean, lehen sektorea sustatu nahi dute.
Plan berezi honetan bide publiko nagusiak zein diren jakin daiteke, oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideen sare bat egituratzea proposatzen dute, ondarearen balioa indartu eta bailarako intereseko elementuak lotu.
Seinalizazioa hobetu nahi dute, bideak errazago erabiltzeko helburuarekin. Ildo horretan, Estebeneko errepidearen segurtasunaren hobekuntza beharra jaso dutela dokumentuan dio udalak. ” Plan bereziak zirkulazioa lasaitzeko jarduketak proposatzen ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideen departamentuarekin adostu beharrekoak, erakunde horrek baitu aipatutako errepidearen gaineko eskumena”.
Landa eremuaren aurka doazen eraikinak zeintzuk diren zehaztu dute ere. Aldi berean, zona narriatuak edo jarduera desegokiagoak identifikatu dituzte eta horiek tratatu egin behar direla diote. “4 urteko epea ezartzen da lekualdatzeko, desegiteko edo kasuan-kasuan erabakitzen den formula aplikatzeko.