Kasino Zaharra "kostata" zabalik
Gaur goizean egin dute Kasino Zaharreko irekieraren aurkezpena. 2 urte, 7 hilabete eta 10 egunen ondoren zabalduko dute.
2 urte, 7 hilabete eta 10 egunen ondoren zabalduko dute Kasino Zaharra. Pandemiaren erruz itxi zen eta ordutik ez da egun bakar bat pasa erretiratuek beren egoitza faltan bota gabe. “200 bilera inguru egin ditugu udalarekin Kasino Zaharra ahalik eta azkarren irekitzeko asmoz, baina ez da posible izan”. Bilera eta lan askoren ondoren, “kostata” gaurtik aurrera irekita egongo da.
Gotzone Larrarte zinegotziak azaldu duenez segurtasun eta irisgarritasun lanak egin ondoren ireki zabaldu dute egoitza. Denbora horretan altzari berriak ezarri eta biltegi bat berreskuratu dute, erabilera anitzeko gela berriak sortuz. Kasino Zaharra, ordea, ez da bere osotasunean zabalduko tabernak itxita jarraituko duelako “beste pixka batean behintzat”. Mariano Otero Erretiratuen Etxeko lehendakariak azaldu duenez, tabernak ez zituen Eusko Jaurlaritzak ezarritako lege arautuak betetzen, ezta Kasino Zaharra elkartearen estatutuekin bat egiten ere. Hala ere, lan administratiboak aurrera doazela eta laster zabalduko dela azaldu du zinegotziak.
Orain arte, ekintza guztiak Kasino Zaharretik at egiten ziren: gimnasia Hondarribia Arraun Elkartean eta Amute Auzo Elkartean; Memoria Liburutegian; Yoga Txispunen; Ibilketa nordikoa aire zabalean; eta Estimulazio kognitiboa Mendelu Auzo Elkartean. Hemendik aurrera, Memoria Kasino Zaharrera lekualdatuko da eta beste zenbait ekintza urtarriletik aurrera (eraikinaren kudeaketa elkartearen esku geratzen denean), lekualdatuko dituzte.
Pasatako guztiak pasata, etorkizunerako ikasketa gisa gordeko duten esperientzia dela azaldu du lehendakariak, “hemendik aurrera lana ahalik eta hoberen egiten jarraitzeko asmoz”, hori baita elkartekideen ilusioa.