"Inposaketa, negoziaketa eza eta inpunitate sentsazioa"
Joan den ostiralean Eusko Jaurlaritzak agindu zuen garbiketaren harira, garbitzaileek legea beteko dutela jakinarazi dute, "ez enpresak bezala".
Gaur goizean bildu dira berriz ere udal garbitzaileak ISS enprerarekin negoziaketa mahai berri batean. Bilera honetan ISSk eginiko azken proposamena baztertzea erabaki dute garbitzaileek. Hain zuzen, langileen soldata %0,75 igotzea jasotzen zuena. Datozen bileretan eros ahalmena ez galtzea eta lizentzia eta maimenetan hobekuntzak egin ditzatela eskatzen jarraituko dute.
Beste behin, enpresaren jarrera gogor kritikatu du garbitzaileen ordezkari den ELA Sindikatuak. Orain arte bilerak “edukirik gabe” egin dituztela eta “sasi negoziaketa” egiten aritu direla salatu du “kontratua berritu dieten arte”. Hain zuzen, hori baita ostegun honetan egingo den osoko bilkuran onartuko dutena, ISS enpresari udal eraikinen kudeaketa beste urtebete luzatzea. Bilkuraren hurrengo egunean bilduko dira berriro ere negoziaketa mahaian eta hitzordurako garbitzaileei proposamena idatziz bidaltzeko eskatu die enpresak. Sindikatuak argi du bileran edukirik egon ezean, pauso berri hau “zuriketa ariketa soil bat besterik ez” dela izango.
Bestalde, joan den ostiralean Jaurlaritzak agindu zuen garbiketaren inguruan ere mintzatu dira eta garbitzaileek legea beteko dutela jakinarazi nahi izan dute, “ez enpresak bezala”. Urriaren 10ean egin zuten bezala, gaur ere, zerbitzu minimoen dekretua mahaigaineratu dute. Izan ere, abuztuaren 30ean zerbitzu horiek ezarri aurretik “alderdi sozialarekin” kontrastatu behar zirela jasotzen zuen dekretuak, bai eta zerbitzu horiek txandakatuz burutuko zirela ere. Enpresak ordea, zuzenean erabakiak hartu eta garbitzaileek zerbitzuak 9 hilabeteko txandetan beteko zituztela inposatu zuen. ELA Sindikatuaren ustetan, langileak “higatzeko eta zigortzeko” eginiko pausoa da. “Inposaketa, negoziaketa eza eta inpunitate sentsazioa” horrela deskribatzen dute garbitzaileek jokabide hau, eta, horri erantzuteko, enpresa demandatu zutela jakinarazi dute. Epaiketa azaroaren 30ean izango da.
Ostegunean, garbitzaileak kalera irtengo dira berriro ere “hitzarmena sinatu eta lanera bueltatu nahi dugulako”. 18:00etan udaletxe azpian protesta egingo dute, udalbatza gauzatuko den orduan.