Jaurlaritzaren agindu berriarekin pozik da udala
Eusko Jaurlaritzak ostiralean eman zuen aginduaren ondorioz, ISS enpresak garbiketa zerbitzu bat eskaini beharko du Bordari, Biteri eta Satarka eraikinetan.
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailak ostiralean Talaia Eskolako eraikinetan derrigorrezko garbiketa egitea agindu zuen. ISS enpresak beraz, garbiketa zerbitzu bat eskaini beharko du Bordari, Biteri eta Satarka eraikinetan. Agindu honen aurrean “pozik” agertu da udala. Zerbitzua berehala emango da eta horri esker eskolak baldintza normaletan “laster” eman ahal izatea espero dute.
Bestalde, erabaki honen atzean udalaren jarduera egon dela nabarmendu nahi izan dute, izan ere, udalak “behin eta berriz” eskatu baitio Jaurlaritzari beharrezkoak diren higiene baldintzak bermatzeko. Beren ustez hori da “grebarako eskubidea eta herritarren eskubideak uztartzeko legezko eremu bakarra”.