"Izan ginena gogoratuz, egun garena eta izango garena aldarrikatuko dugu"
Egun handia da gaur Jaizkibel konpainiarentzat: 25. urteurrena ospatzen ari dira, jai giroan, Loratzen izena jarri dioten jaialdian.
Egun handia da gaurkoa Jaizkibel konpainiarentzako, 25. urteurrena ospatzen ari baitira, jai giroan, egun osora zabalduko den programazioarekin. 10:30ean ibilbide historiko bat egin dute herrian barrena, eta 12:00etan Loratzen jaialdiaren aurkezpena egin dute Gipuzkoa plazan. Jaizkibeleko kideak pozik azaldu dira orain artean egin duten ibilbidearekin, bete dituzten 25 urteekin, eta argi dute zein den euren egitekoa: “Izan ginena gogoratuz, egun garena eta izango garena aldarrikatuko dugu. Horregatik jarri diogu egunari Loratzen izena, loratzea hazi izatetik lore bihurtzeko prozesu hori baita”.
Gaurko ospakizunak kalean egitea erabaki dutela azpimarratu dute, Hondarribia ere eurena baita: “Kaleak eta plazak hartzen ari gara eta hartzen jarraitzeko asmoa dugu”. Jaizkibeleko kideek zehaztu dute, irailaren 8az gain, “apustua” egin zutela direna erakusteko: “Urte osoan zehar bizirik mantentzen dugun borroka plazaratu nahi dugu, feminismoa urteko egun guztietan lantzen jarraitu behar dugulako eta Jaizkibel urteko egun guztietan herriaren parte dela irudikatzen jarraitu behar dugulako”.
Hori dela eta, ekitaldi bukaeran, zapi koloretsua jarri dute bertaratu diren guztiek, “maitasunez, laguntasunez eta indarrak batuz”, egunari hasiera emateko. Ekitaldi horren ondoren bazkaria izan dute Jostaldin, eta arratsaldera begira, Bentetara abiatuko dira. Bertan, 18:30ean, ekitaldia egingo dute, eta 19:30ean, kontzertuak hasiko dira. The Iiingles, Anari, Pinpilinpussies eta Merina Gris taldeek arratsaldea girotuko dute.