Urdanibiaz gain, hirugarren anbulatorioa eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk
Ondarearen aldeko apustua egiten badute ere, Irunek duen "larrialdia" Osakidetzarekin eta hirugarren anbulatorioarekin dela dio alderdi moreak.
Irungo EAJk Urdanibia Jauregia egokitzeko eta birgaitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, hiriko ondarearen aldeko apustua egin eta Irunentzat onuragarriak diren akordioak lortzeko. Elkarrekin Podemos-IUk “begi onez” ikusi du Irunen kokatutako ondarea berreskuratzea, baina honakoa galdegin dio alderdi jeltzaleari: Ez al litzateke egokia izango presazko bilera bat egitea Gotzone Sagardui sailburuarekin?
David Nuño udal bozeramaileak nabarmendu du “harrigarria” dela EAJk Eusko Jaurlaritzan duen “eragina” horretarako erabiltzea, “baina ez anbulatorio berri baten aldeko presioa egiteko”. Nuñok onartu du “Urdanibia Jauregiaren multzoa txukundu” behar dela, baina Irunek duen “larrialdiak Osakidetzarekin eta hirugarren anbulatorioarekin” zerikusia duela plazaratu du.
Alderdi moreak esan du ez dagoela harrituta “EAJk adierazitako lehentasunekin”, osasun publikoa, unibertsala eta doakoa ez baitago lehentasun horien artean. “Eusko Jaurlaritza, Sagardui sailburua buruan dagoela, ez da gai izan Irunen hirugarren anbulatorio baten beharra ikusteko, eta horren ondorio logikoa da oraintxe bertan hori aintzat ez hartzea”, zehaztu du Nuñok.
Kultura ondarea berreskuratzearen alde azaldu da Elkarrekin Podemos-IU, baina “harro” egongo lirateke Sagardui sailburuak Irunen talde politiko guztiekin egingo lukeen prentsaurreko batean, hirugarren anbulatorioaren proiektuaren hasiera iragartzeko eta proiektua garatzeko data zehatzak emango balitu.
Dena den, alderdi moreko kideek diote “zoritxarrez” gaur egun ez dela hori gertatzen, eta Irunek bi anbulatorioetan dagoen “kolapsoarekin” jarraituko duela.