Terrore eta suspense zaleek hitzordua dute
Bueltan da zinema eta animazioa uztartzen dituen '18.95' egitasmoa. Hurrengo saioa hilaren 29an izango da, eta bi film proiektatuko dira.
Irungo Udaleko Kultura sailak zinema eta animazioa uztartzen dituen ‘18.95’ egitasmoaren beste saio bat egingo dela jakinarazi du. Hurrengo saioa Amaia KZko auditoriumean izango da, datorren larunbatean, hilak 29, 18:00etan. Orotara, terrorean eta suspensean oinarritutako bi film proiektatuko dira jatorrizko bertsioan, eta gaztelaniazko azpitituluekin emango dira. From Dusk Till Dawn eta The Thing dira proiektatuko diren filmak.
Egitasmo horrek, zinema proiekzioez gain, animazioa eskaintzen du aldez aurretik, ondorengo proiekzioa dinamizatzeko. Oraingoan, Santiagoko Deabruak elkartea izango da kolaboratzailea, eta filmen gaiari helduz, ‘Beldurraren pasabideak’ animazioa eskainiko dute.
Sarrerak salgai daude dagoeneko 5,50 euroan, eta ohiko lekuetan eskura daitezke: Irungo Udaleko webgunean, Luis Marianoko turismo bulegoan eta Amaia KZko leihatilan ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago, beti ere sarrerarik geratzen bada.