San Tomas egunean txosnak eta postuak jar daitezke
Txosnak jartzeko eskaerak aurkezteko epea azaroaren 11n bukatuko da, eta nekazaritzako postuena, azaroaren 25ean.
San Tomas eguna antolatzen hasi dira dagoeneko Irungo Udala eta hiriko eragileak. Egun horretan txosnak jartzeko eskaera epea ireki du udalak, eta eskakizunak betetzen dituzten Irungo kultur eta kirol entitate eta elkarte guztiek, aisialdikoek eta sozialek har dezakete parte deialdian. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 11n bukatuko da. Eskaerak aurkeztuta, azaroaren 24an, 18:00etan, Kultura arloaren bulegoetan, jendaurreko zozketa egingo da postuak esleitzeko. Gehienez sei postu esleituko dira.
Deialdiaren oinarriak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta udalaren webgunean eskura daitezke, eta eskabideak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan aurkeztu behar dira.
Nekazaritzako produktuak
Txosnez gain, nekazaritzako produktuen salmentako postuak jartzeko eskabideak aurkezteko epea azaroaren 25ean bukatuko da. Gehienez 22 postu jarriko dira, hiru ataletan banatuta: barazkiak, fruituak, loreak eta landareak; produktu landuak; eta abereak. Informazio gehiago udalaren webgunean aurkituko dute interesdunek.