Kosta Auzo elkarteak urgentziazko bilera eskatu dio udalari
Auzo Elkarteak proiektuarekiko desadostasuna agertu zuen martxoan udalarekin egindako bileran. "Eta ez geunden oker, azken gertaerek arrazoia eman digute".
Astelehenean gertatu zen azken istripua Kosta kalean, hil honetako hirugarrena. Jazotakoen inguruan azalpenak eman zituen atzo udalak, izan ere, herritarrek egokitu berri den kaleari, eta, zehazki, antolaketa berriari egotzi baitzioten errua. Udalak erlazio hori ezeztatu zuen. Istripuek errepidearekin zerikusirik ez zutela eta hartutako neurriak, auzo elkartearen eskakizunekin bat zetozela azaldu zuten. Auzo elkarteak ordea, ez du iritzi bera.
Kosta Auzo elkartea martxoan bildu zen agintariekin azkenekoz. Azken proiektua aurkezterako garaian elkarteak proiektuarekiko desadostasuna erakutsi zuten, errepidearen antolaketa arriskutsua izan zitekeela argudiatuta. “Eta ez geunden oker, azken gertaerek arrazoia eman digute”.
Hortaz gain, udalak bizilagunekin prozesu parte hartzaile bat egin zuela azaldu zuen, baina elkartetik hori ezeztatu dute: “Ez dugu prozesu parte hartzaile horien ondoriorik ezagutu, prozesu parte hartzailerik gertatu ez delako”. Udalak auzokideen proposamenak baztertu eta erabakiak beren kabuz hartu dituztela salatu dute. Bestalde, bileretan harturiko konpromisoak “konponbide magiko” gisa izendatu eta horien jarraipenik egin ez dutela mahaigaineratu dute.
Arazo horien guztiengatik, elkarteak udalari bilera ireki bat egiteko eskatu dio, lanen egungo egoera aztertzeko, eta prozesu parte hartzailearen inguruko balorazio bat egiteko. Bilera horretara udaleko departamentu ezberdinetako zinegotziak eta horietako teknikariak bertaratzeko eskakizuna egin dute, egindako bileretan azken horien falta sumatu baitute. Izan ere, beharrezkoa ikusten dute neurri berriak hartzearen beharra.