Tatapas taberna Nazioarteko Erdi Aroko Pintxo lehiaketan
Hilaren 22 eta 23an egingo da Nazioarteko Erdi Aroko Pintxo lehiaketa Marvaon, Portugalen. Adur Arrietak 'Ma-mamia' pintxoa aurkeztuko du.
Tatapas tabernako Adur Arrietak Hondarribiko Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa irabazi zuen ekainean. Garaipen horrekin, asteburu honetan Marvaon (Portugal) egingo den Nazioarteko Erdi Aroko Pintxo Lehiaketan parte hartzeko txartela eskuratu zuen. Ez da Arrietak lehiaketa honetan parte hartzen duen lehenengo aldia. 2019an Lizarran izan zen final handia eta lehen postua eskuratu zuen ‘Cordero, pan, vino’ pintxoarekin.
Aurten ‘Ma-mamia’ pintxoa aurkeztuko du; postrea dirudien pintxoa. Eztia dirudiena, olio salda oso murriztua da, garagardoarekin eta azukrearekin hornitua. Mamia dirudiena aldiz, oilo raviolia da, barazki egosiekin hornitua eta arrautza gorringoarekin ziringatua. Pintxo hau sortzeko ideia Lizarran otu zitzaion, “Juan Antonio Gómezek kaiku bat erabili zuen edizio hartan, eta nik ere ontzi hori nire pintxoetarako erabil nezakeela pentsatu nuen”. Esan eta egin.