Aurkeztu dute ofizialki Belartzako aparkalekua
171 aparkaleku izango ditu lur azpian eta gainekoari aisialdirako erabilpena eman nahi diote. Herritarrek ekarpenak egin ahal dituzte, azaroaren 3era arte.
Belartzako aparkalekuaren proiektua ofizialki aurkeztu du gaur udalak. Aurkezpen horretan alkateaz gain, Cristina Laborda Mugikortasuneko ordezkari eta Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkaria izan dira.
Santanok agerraldiaren hasieran argi utzi nahi izan du aurretik dagoen asmoa dela aparkalekuarena, baina pandemiagatik ezin izan diotela nahi izan duten momentuan proiektuari eutsi. “Orain, egungo egoerara eta beharretara egokitu dugu”.
Proiektu honekin auzotarrei aukera berriak eskaini nahi dizkiote alkatearen esanetan, “ingurua asko hazi baita urte hauetan”. Era horretan, auzotarrei egoteko topagune gehiago eskaini nahi dizkiote. Irungo Udalak 7 milioi euro konprometitu dituela proiektu honetarako.
Proiektua: lur azpikoa
Berrueta Pintorea, Zurbaran eta Pio Baroja kaleen artean kokatuko dute obra. Orain, haurrentzako parke bat eta 47 ibilgailurentzako 1.100 metro koadroko aparkaleku bat dago bertan, eta eskailera batzuek parkearen eta auzoaren goiko aldera eramaten dute.
Proiektua idaztearen behar nagusia honako hau da udalak emandako xehetasunen esanetan: “Aparkalekuak orubean okupatzen duen azaleraren eta aparkatzeko tokien kopuruaren arteko egokitasuna optimizatzea”.
Bi solairuko lurpeko aparkaleku bat eraiki nahi dute, eta orubeko maldan beste solairu erdi bat sortu. Ibilgailuak Berrueta pintorea karrikatik sartuko lirateke eta irteera Zurbaran kalean egongo litzateke.
171 aparkaleku jarri nahi dituzte, 2,5 x 5m edukiko duten bateria formakoak, eta barneko errepidea noranzko bakarrekoa izango da, 5m-ko zabalerakoa.
Oinezkoentzat bi irteera egongo dira. Orubearen inguruan egongo da, eraikin eta saltokietatik gertu; igogailu bat jarri nahi dute ere, aparkalekuaren eta lur gaineko eremuaren arteko irisgarritasuna bermatze aldera.
Lur gaineko eremua
Bi zatitan banatuta egongo da lur gaineko eremua. Osorik aisialdirako erabilpena izango du eta hainbat gune sortu nahi ditu udalak, adibidez, haurrentzako parke bat eta kirol instalazioak. “Horrela, auzotarren topagune bihurtuko da aparkalekuaren gainaldea, eta Belartzako mendi hegal berdea luzatuko du”.
Mendi hegaleko parkea Zurbaran kaleraino luzatuko da, parke berri hau irisgarri, ikusgarri eta seguruagoa izango dela baieztatu dute.
Gaurtik azaroaren 3era bitartean ekarpen eta proposamenak egiteko aukera egongo da, udalaren orrialdean. Era berean, plana kontsultatzeko aukera egongo da irun.org-en.