Aduana zaharra hirigunearen nukleo bilakatu nahi du Jaurlaritzak
Hiri barruti berritzailearen gune izatea nahi dute eta 4,98 milioi euro bideratuko dituzte egokitzapen lanetara.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailak 93 milioi euro jarriko ditu hiri berroneratzearen programa Euskadiko zenbait auzotan zabaltzeko. Guztira 21 udalerrietara iritsiko dira, tartean, Irungo Pio XIIko aduana zaharrera.
Auzo zaurgarriei erreparatu diete, eta hori horrela, bertan energia trantsizioa bultzatu nahi dute, eraikinen eta etxebizitzen bizigarritasuna hobetu eta biztanleen lan munduratzea sustatu.
Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 2022-2024 urteetarako onartutako Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planaren parte da. Hautatu dituzte herri horietako ekintzei ekiteko 101 milioi euro jarriko dituzte, 8 milioi euro Lan eta Enplegu Sailak eta 93 milioi Lurralde Plangintza Sailak.
Irunen, Via Irun planaren baitan dagoen trenbidea berroneratzeko proiektuaren barruan, Aduana zaharraren eraikina hiri barruti berritzailearen gune bihurtu nahi dute.
10.000 m2 ditu eta nabe zaharraren multzo bat da, eraikin nagusi bat dago eta ekipamendu publiko bihurtuko dute. Egun eraikina Espainiako estatuarena da, baina udalak jakinarazi du urte luze daramala higiezin hori eskuratu nahian.
Helburu horiek betetzeko irisgarritasuna hobetzeko eta birgaitze energetikorako jarduketak martxan jarriko dituzte. Proiektuak 4,98 milioi euro jasoko ditu Lurralde Plangintzaren arlotik.