Touch sailak Valladoliden hasiko du liga
Touch saila eta 14 urtez azpiko gazteak dira asteburuan lehiatuko diren bakarrak. Errugbilari gazteek Ordizian jokatuko dute txapelketa bat.
Zaisa Txingudiko Touch sailak larunbatean hasiko du 2022-2023 denboraldia. Valladoliden hasiko dute Estatuko Zilarrezko Mailako Liga, eta beste bost talderen aurka ariko dira Arroyo de la Encomiendan (Valladolid): Alligators Emerging anfitrioia, El Salvador, Getxo Touch, Pakaru eta Titanes.
09:30ean hasiko dira lehiak, eta sei taldeek euren artean jokatuko dute, denak denen kontra ariko dira. Larunbatean lortutako emaitzak hurrengo jardunaldietakoei gehituko zaizkie, ligaren bukaeran mailaz zein talde igoko den ikusteko.
Bidasoarren deialdia hurrengo jokalariek osatzen dute: Iñaki Urrutxurtu, Gari Mendizabal, Aitor Zazpe, Iñigo Aizpurua, Gorka Eizagirre, Urtzi Berastegi, David Muñoz, Gorka Nava, Yon Mitxelena, Aitor Petrikorena, Agustin de Dios eta Luis Petrikorena.
14 urtez azpikoak, Ordizian
Touch saileko taldeaz gain, 14 urtez azpikoak dira asteburuan berdegunera aterako diren bakarrak. Klubeko gainontzeko mailetako taldeek ez dituzte partidak jokatuko asteburu honetan. 14 urtez azpiko taldeak Ordizian jokatuko du zazpiko errugbi txapelketa. Bidasoar gazteak Hernaniren, Bera Beraren eta Iruñaren aurka ariko dira larunbatean, 10:30etik aurrera.
Larunbatekoa tankera horretako denboraldiko bigarren txapelketa izango da Txingudiko jokalari gazteentzat. Duela bi aste Lekarozko torneoa jokatu zuten, eta lau norgehiagokatik hiru irabazi zituzten.