Oktoberfest eta Baserritar Eguna, ostalaritza dinamizatzeko
Hiri osoko ostalaritza sustatzeko asmoz, Denok Bat ostalaritza elkarteak jarduerak antolatu ditu urriko azken bi asteburuetarako.
Irungo ostalaritza guneak dinamizatzeko helburuarekin, Denok Bat ostalaritza elkarteak eta Irungo Udalak Oktoberfest Garagardo Azoka eta Baserritar Eguna antolatu dituzte urriko azken bi asteburuetarako.
Bi jardueren helburua “udalak sektorearekin elkarlanean irundar zein bisitariei hiriko ostalaritza eskaintza hobeto ezagutzeko jarduera erakargarriak eskaintzea eta hura dinamizatzea” direla azaldu du Juncal Eizagirre Hiri Bultzadako ordezkariak.
Ildo horretatik, asteburu honetan, hilak 22 eta 23, Garagardo Azoka egingo da Antzaranen Bakar jatetxearekin, Boulevard garagardotegiarekin eta Zubi kafe-tabernarekin elkarlanean. Bertan, parte hartuko duten establezimenduen eskaintza gastronomiko bereziaz gain, txikientzako jarduerak prestatu dituzte larunbat zein igandean, 11:00etatik 15:00etara. Jardueren artean, puzgarriak, giza futbolina, Umore Horia eta laser tag izeneko jokoa aurkituko dituzte bertaratzen diren haurrek.
Era berean, musika emanaldiek ere euren txokoa izango dute Oktoberfestean. Larunbat arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Lee Junior eta Cliché taldeak igoko dira oholtzara. Igandean, berriz, 12:00etan batukada egongo da, eta 17:00etan, Dolo Radio Rebelde taldearen kontzertua.
Hurrengo asteburuan, Baserritar Eguna
Hurrengo larunbatean, hilak 29, Meakako ostalaritza dinamizatuko da Baserritar Egunean. Denok Bat elkartearekin elkarlanean, Borda Txiki, Felix Manso, La Juanita eta Ola Sagardotegia establezimenduek hartuko dute parte.
Baserritar Egunaren egitaraua 11:00etan hasiko da, Meakako lokalean burruntzia eskainita. Horrez gain, la Juanita jatetxearen pareko parkean, pilarik gabeko jolasak egingo dira.
11:30etik 13:30era, herri kirolen txanda izango da, eta, aldi berean, dantzari eta txistulariek goiza girotuko dute. Establezimendu parte hartzaileek ere artisau azoka txiki bat jarriko dute, eskaintza gastronomikoarekin.
Arratsaldean, berriz, pilota erakustaldia egingo da Ola Sagardotegian, 17:00etatik aurrera, bertsolariek girotuta. Ondoren, 18:00etan, bertso poteoa hasiko da Borda Txiki, La Juanita eta Felix Manso jatetxeen artean. Bukatzeko, Versos Perdidos taldearen musika emanaldi bat prestatu dute. Kontzertu hori 19:00etan hasiko da, Meakako auzo elkartearen egoitzan.