'Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean' ikerketa aurkeztu dute
Loidi bekari esker egin dute ikerketa Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin ikerlariek. Bertso sortak eta bertsoak jaso dituzte, eta hogeita bi bertso egile.
Jose Antonio Loidi ikerketa beka irabazi duen lanaren berri eman du gaur Miren Etxebeste Euskara ordezkariak. Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean da izenburua eta egileak Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin irundarrak dira.
Ikerketa honetan Bidasoa ibaiaren bokaleko herrietako XIX. mendeko bertso ondarea aurkezten dutela azaldu du udalak. Bertso sorta eta testigantzen bilketa, eta horien aurkezpena eta interpretazioa izan dira egiteke nagusiak.
Ikerlanaren abiapuntua Irun izan da. “Datu jakingarri asko eskaintzen du lan honek bertsoei, haien egileei, eta kantatu edo moldatu ziren uneko gorabeherei buruz”. Era berean, Hendaia eta Hondarribian bildutako testigantzen berri ere eman dute.
Ez dira XIX. mendera mugatu, berez. XVIII. mende bukaerakoak ere kontuan hartu dituzte, “Izan ere, XIX. mendea ikerlanaren denbora esparrutzat hartu den arren, garai haren bezperako lekukotasunak ere gogoan hartu nahi izan dituzte autoreek”. Bertsoei, haien egileei eta kantatu edo moldatu ziren uneko gorabeherei buruz datu jakingarri asko eskaintzen dituela lanak adierazi dute agerraldian.
Laurogeita hamaika bertso sorta eta testigantza jaso dituzte, eta bederatzi ehun eta hogeita sei bertso. Gehienak bertso sortak dira. Horrez gain, hogeita bi bertso emaile eta hogeita bost bertso doinu bereizi eta identifikatu dituzte, eta egile gehienak ezezagunak dira.
Bertsoen neurriak eta egiturak askotarikoak izan dira, “ez da hartan pitxirik, bestetan ageri ez den erakusgarririk edota aipamen berezia merezi duen laginik falta”. Bertsoa bidasoarrek berezkoa zutela islatu dutela dio Etxebestek.
Ohiz kanpoko ikuspegia duela bildumak dio Euskara ordezkariak, “eskualde ttiki bateko bertsogintzak XIX. mendean eskaini zituen lanen berri ematen duen aldetik.”. Irun eta Hondarribiko mintzairaren berezitasunak ezagutzeko ezinbestekoa dela diote.