"Kosta kaleko istripuek ez dute errepidearekin zerikusirik"
Azken hilabetean hiru istripu gertatu dira Kosta kaleko errepide berrian. Atzo azkena. Udalak jazotakoak azaldu nahi izan ditu.
Hondarribia Kalez Kale Hobetzen programaren barnean, egokitze eta berritze lanak egin dira Kosta kaleko errepidean. Bide horretan, hain zuzen, zenbait istripu gertatu dira azken hilabetean, atzo azkena. Istripuen ondorioz zalaparta handia sortu da herrian eta gehienek errepide berriari atxiki diote erantzukizuna. Udalak ordea, berretsi du udaltzaingoarekin kontrastatu ondoren, istripuek ez dutela errepidearekin inongo loturarik.
Errepide berriari dagokionez, zirkulazioa “desberdina” eta “deigarria” suertatzen delaz jakitun da udala, baina auzokideek egindako bileretan eskatu zutena betetzeko hartu dituzten neurrien ondorioa dela azaldu dute. Eskakizun nagusiak, trafikoa eta abiadura murriztea eta aldi berean, oinezkoei eta bizikletei garrantzia ematea izan ziren. Beren aburuz, horiek lortzen ari direla azaldu dute “nahiz eta proiektua ez den guztiz amaitu, trafikoa nabarmen murriztu dela eta txirrindulariek eta oinezkoek gehiago erabiltzen dutela ikusi da”.
Lehenengo istripua gidariaren “oker batengatik” gertatu zela jakinarazi dute. Txirrindulariak farola baten kontra jo zuen. Bigarrenak, ordea, hautsak harrotu zituen. Bi autoren arteko istripua izan zen. Horietako baten gidariak maniobra desegoki bat egin, autoari jo eta ihes egin zuen. Udalak bere aldetik, txirrindularirik tartean izan ez zela argitu nahi izan du. Ihes egin zuen gidaria geroago harrapatu zuten eta une honetan atestatu judizial baten barruan ikertua izaten ari da. Hirugarrena eta berriena, atzo bertan jazo zen. Udaltzaingoaren behin betiko atestatuaren zain dauden honetan, txirrindulariaren oker batengatik gertatu zela azaldu dute eta pertsona onik aurkitzen dela.
Orain arte, sentsibilizazio eta komunikazio kanpainak egiten aritu da udala, eta horiekin jarraituko dutela aurreratu dute. “Argi dago denbora behar dela kalearen erabilera berrira ohitzeko”.