EAJk herritarrei laguntzeko neurriak proposatu ditu
Irundarren "ongizatean" begirada jarri eta aurreikusten den "egoera korapilatsuaren ondorioak" arindu nahian, bi neurri proposatu dituzte jeltzaleek.
Prezioen garestitze orokorra dela eta, irundar askorentzako “oso hilabete zailak” aurreikusten direla azaldu du Irungo EAJk. Irundar asko “ondorio” horiek jada jasaten hasiak direla zehaztu dute jeltzaleek, eta aurreikuspenak, gainera, “baikorrak izango ez” direla dirudite. Hori dela eta, Irungo EAJk “irundarrei laguntzeko helburua duten proposamen batzuk” landu ditu. Ideia horiek hilaren bukaeran egingo den udalbatzara eramango dituzte, bertan onartuko baitira 2023rako tasen eta zergen ordenantza fiskal berriak.
Irundarren “ongizatean” begirada jarri eta aurreikusten den “egoera korapilatsuaren ondorioak” arindu nahian, bi neurri proposatu dituzte jeltzaleek.
Alde batetik, erosteko ahalmen txikiena duten Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen ordainketaren tasa “murriztea” iradoki du EAJk. Zerbitzu horrek, batez ere, autonomia pertsonalean zailtasunak dituzten 65 urtetik gorako pertsonak artatzen ditu, “pertsona horiek beren etxean garatzen lagunduz eta isolamendu egoerak saihestuz”.
Bestetik, jeltzaleek onuragarria ikusten dute “hobari batzuk jasotzeko eskubidea izateko ezarritako urteko errentaren maila handitzea”. Horrela, “laguntzak jaso ditzaketen pertsonen eta familien taldea” handituko dela jakinarazi dute. Proposamen horrekin, etxeko txikienek eta gazteenek aisialdiko uneak izaten jarrai ditzaten bilatu nahi du EAJ. Horregatik, Solas Jolas, Eskola Kirola, Haurtxokoak, Udalekuak, eta Uda Giro egitasmoetarako egin dute jeltzaleek murrizketa proposamena.