Euskadi Bonu Denda kanpainaren bigarren fasea martxan
Hondarribiko 50 denda atxikitu dira kanpainara. Bonoak erabiltzeko nahikoa da NANa erakustea.
Astelehenean jarri zen martxan Eusko Jaurlaritzaren Bonu Denda kanpaina. Gaur goizean Okil dendan egin dute horren aurkezpena Maria Serrano zinegotziak eta Maider Carrerak Okil dendako jabeak. Lehen fasea ekainean egin zen, bigarrena ordea, uda ondorengo hilabeteetan martxan jartzea erabaki zuen Jaurlaritzak, izan ere, hilabete horietan salmentak nabarmen jaisten dira tokian tokiko dendetan. Eta hori da hain zuzen bonuen xedea, bertako merkataritzari laguntzea. Hondarribiko udalak 40.000 euro ipini ditu, era honetan bonu gehiago egongo dira eskuragarri.
Duela hiru egun abiatu zen kanpaina berri hau oso arrakastatsua izaten ari dela azaldu du Maria Serrano Zinegotziak. “Dagoeneko zenbait dendetan bonuak agortu dira jada”. Fase honetan Hondarribiko 50 establezimendu atxikitu dira eta horiek hurrengo webgunean kontsulta daitezke. Lehen fasean bezala, pertsona bakoitzak bost bonu izango ditu erabiltzeke eta 30 euroko gastu bakoitzeko 10 euroko deskontua egingo da. Zinegotziak gogorarazi du berdin duela ekainean bost bonuak gastatu izana, “oraingoan 0tik hasten da berriz”. Bonuak erabiltzeko nahikoa da NANa erakustea.
Maider Cámara oso pozik agertu da kanpaina honekin. “Saltzaileentzat oso aukera ona da, eta baita erosleentzat ere”. Aukera hau, gabonetako erosketak egiteko aprobetxatu daitekeela gaineratu du saltzaileak.