Udal egutegiko argazkiak bidaltzeko azken egunak
Irundarren argazkiekin ari da osatzen udala egutegia. Argazkiak bidaltzeko epea ixtear da, hilaren 30a izango da horretarako azken eguna.
‘Lau urtaroak Irunen’ lelopean, irundarrek bidalitako hainbat argazki jaso ditu udalak azken hilabeteetan, udal egutegia osatzeko ere herritarren parte hartzea sustatzeko egiten den egitasmoan. AFI elkartearen laguntza jasotzen du udalak urtero egutegia osatzeko, eta irundarrek eginiko argazkiak erabiltzen dituzte. Aurtengo argazkiak bidaltzeko deialdia otsailean hasi zen eta bukatzear da, hilaren 30ean itxiko baitute. Muga egun hori errespetatzea “beharrezkoa” dela azaldu du udalak, “argazkiak aukeratzeko eta editatzeko eta egutegia ekoizteko” denbora behar baita.
Udalak espazio bat du bere webgunean irudien inguruko ezaugarriak azaltzen dituena. Argazkiak bidaltzeko formulario bat ere bete daiteke. Bidalitako irudi guztietatik hamahiru hautatuko dituztela zehaztu du udalak: hilabete bakoitzerako bat, eta azalerako bestea.
Aurkezten diren argazkiek originalak izan behar dute, inongo lehiaketan saritu gabeak eta inongo hedabide profesionaletan argitaratu gabeak. Horrez gain, “Irungo leku jakin bat berez agertu edo identifikatzen duten argazkiak” onartuko direla azpimarratu du udalak.
Aurreko urteetan bezala, irudietan adingabeak ager ez daitezen bilatu nahi dute, eta agertuko balira, “egileak gurasoen baimena” izan beharko du bere argazkia egutegian azaldu ahal izateko.
Bidaltzen diren argazkiek .jpg luzapena eta formatu horizontala izan beharko dute. 30×20 zentimetro luze eta zabal edo antzekoa, eta hazbeteko 250-300 puntuko bereizmena izan beharko dute gutxienez, hautatuz gero, editatuak izateko kalitate nahikoa izan dezaten.
Argazkiak udalaren webgunearen bidez bidaliko dira, eta parte hartzaileen erantzukizuna izango da aurkezten diren lanetan hirugarrenen batek eskubiderik ez izatea eta irudi eskubideak direla eta inongo erreklamaziorik ez aurkeztea. Parte hartzaileek, gainera, hiru argazki bidali ahalko dituzte gehienez, baina hautaketa egiterakoan, egile bakoitzeko argazki bakarra aukeratuko da. Udal egutegia abendurako argitaratuko da, eta orotara, 11.000 ale kaleratuko dira.