Musikaren baitan bilduko dira larunbatean
Larunbat goizean musika, dantza, kantu eta kalejira artean omenduko dute Arantxa Lasalde. 23 elkartek parte hartuko dute ekimenean.
Larunbatean musikaren baitan bilduko dira Arantxa Lasalde omentzeko ekitaldian. Hori baitzen parte hartuko duten guztiek harekin zuten lotura, musika. Abuztuan egin zen Txistularien Alardean, baita Kalean Kantuz ekitaldian ere, omenaldi txiki bat egin zioten, baina oraingo honetan, beren erara omendu nahi dute Lasalde gertutik ezagutu eta maitatzen zutenek.
Familiarentzako une gogorrak direla, baina aldi berean aitortza egun “hunkigarria” izango dela nabarmendu du Juan Luis Silanes zinegotziak jardueren aurkezpen ekitaldian. Elkarte ugarik parte hartuko dute omenaldian. “Horrek zer nolako pertsona zen adierazten du”, adierazi du hautetsiak.
Udalaren laguntzaz gain, Zumardikoak elkartearen laguntza izan dute ekitaldia antolatzerako garaian. Xabier Gezalak, Zumardikoak elkartearen ordezkari gisa, eskerrak eman ditu elkartearengan jarritako konfidantzagatik. “Arantxak ez zuen inoiz parte hartu gure taldean, baina guztiok ezagutzen genuen txistuarengatik, Kalean Kantuzengatik, eta beste hainbat jarduerarengatik”, azaldu du Gezalak.
Elkarlana goretsi, eta larunbatean aitortza ekitaldietara jende andana hurbiltzea espero duela adierazi du Gezalak, “jendeak zenbat maite zuen erakustea espero dut, eta tartean guk, noski”.
Guztira 23 elkartek parte hartuko dute omenaldian. “Berarekin musika tresnaren bat jotzen genuenak, dantza egiten genuenak, abestu dugunak edo zer edo zer egin dugunak elkartuko gara”, zehaztu du Lorena Zalakainek, Lasalderen lagun-min zenak. Musikaren bitartez ezagutu zuen, Kemen Dantza Taldean, eta musikak lotu zituen.
Ekitaldiak bi zati izango ditu:
Jende kopuru handiak parte hartuko duenez, bi kalejira egingo dituzte. Goizeko 11:00etan Itsas Etxearen atzealdean bilduko dira. Bi ibilbide egingo dituzte, eta bakoitzean bi geldialdi izango dira. Geldialdietan emanaldiak egingo dituzte: Kemen Dantza Taldea, txistulariak, txalapartariak, dultzaineroak, Kalean Kantuz, Aquam Lauda, Meaka Dantza Taldea, San Joan konpartsa, Xirolarru taldea, Meakako Adiskideak, Lagun Artean, Eraiki Dantza Taldea, eta Jeiki Hadi taldea izango dira horien arduradunak.
Patxi Aiorgak, Lasalderen lagun eta ekitaldiaren antolatzaileak, kalejiran parte hartzeko deialdi berezia egin nahi izan du. Ibilbide osoan joko diren piezak oso ezagunak izango dira, eta beraz, “parte hartzeko, kantatzeko eta dantzatzeko” gonbita herritar guztiei luzatu diete.
Kalejiren ondoren, 12:30ean ekitaldi nagusia egingo dute. Itxas Etxean zazpi emanaldi egingo dituzte, 23 taldeak bata bestearekin txertatuz.
Sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira ohiko guneetan.