'Deportazioa, bakardadea eta isiltasuna' erakusketa, dagoeneko ikusgai
Hilaren 30era bitarte egongo da Oiasso museoan. Horrez gain, Carlos Hernandez de Miguel kazetariak hitzaldia eskainiko du ere Memoriaren hilabetearen harira.
Memoria historikoaren hilabetea hilaren 4an hasi zen eta orotara, bi erakusketa eta hitzaldi bat antolatu dituzte. Deportazioa, bakardadea eta isiltasuna izeneko bigarren erakusketa gaurtik hilaren 30era bitarte egongo dela ikusgai gogoratu du udalak, Oiasso museoan.
Nazien kontzentrazio esparruak ardatz dituen erakusketa honen asmo nagusia “biktimen narrazioak ikuspegi pluraletik, historikotik, femeninotik eta ez-baztertzailetik ikusaraztea” da. Era horretan, gertatutakoari buruzko elkarrizketa sustatu nahi dute, aintzat hartuta erbestea, deportazioak eta horiek senideengan izandako eraginak.
Hamabost panel jarri dituzte eta bakoitzean QR kode bana eskaneatu ahalko da informazio gehiago jasotzeko. Era berean, argazki galeria bat jarri dute ere, nazien kontzentrazio esparruetako hainbat irudiekin osatuta.
4 metro karratuko obra tekniko bat egongo dela ere azaldu du udalak, kontzentrazio esparru baten itxura duena dela diote. “Esparru horren barruan, kolore desberdinetako pertsona biluzien siluetak jarriko dira, esparruetan ematen zitzaien sailkapenaren arabera (gorria, urdina, arrosa, horia, marroia…).
Hitzaldia Amaia KZn
Erakusketaz aparte, Los campos de concentración de Franco hitzaldia eskainiko du Carlos Hernandez de Miguel kazetariak Amaia KZn, urriaren 17an, 19:00etan. Kontzentrazio esparru frankistak izango ditu hizpide eta Euskadikoei aipamen berezia egingo diela aurreratu du udalak.