Martxan da aurtengo Beldur Barik egitasmoa
Ikastetxeekin eta belaunaldi berriekin indarkeria matxistaren desagerpena lantzeko helburuarekin, tailerrak eta lehiaketak antolatu dira gai horretan sakontzeko.
Abian da aurtengo Beldur Barik egitasmoa. Programaren helburua ikastetxeekin eta belaunaldi berriekin indarkeria matxistaren desagerpena lantzea da. Emakumeen kontrako indarkeria adierazten duen jarrera ororekin “zero tolerantzia” sustatzeko tailerrak eta lehiaketak antolatu dituzte, eta gaur goizean eman ditu egitasmoaren xehetasun guztiak Miren Etxebeste Irungo Udaleko Berdintasun zinegotziak: “Berdintasunean heztea ezinbestekoa da pixkanaka haurrei ere kontzientzia harrarazteko, haurtzaroan finkatzen baitira gure gizartearen balio eta eskubideen inguruko oinarrizko printzipioak, eta argi dago gizarteak etorkizunari begiratu behar diola berdinzale, jasangarri eta bidezkoagoa izango bada”.
Emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, Etxebestek azaldu du “beharrezkoa” dela emakumeen eta gizonen arteko “berdintasun eza desagerraraztea”, eta horren inguruko “kontzientzia hartzea”. Horretarako, gizarteratze prozesuan parte hartzen duten instituzio eta mekanismo guztietan “lan egitea” gakotzat hartu du Berdintasun zinegotziak, “nagusi diren genero rol eta estereotipoak aldatzeko eta sexuen arteko errespetu eta berdintasunean oinarritutako balio eta ereduak sustatzeko”.
Egoera hori abiapuntutzat hartuta, “beharrezkoa” ikusi dute gazte eta nerabeekin lan egitea, “emakume eta gizonen arteko aukera eta eskubide berdintasunean hezteko prebentzio lana egiteko, horixe baita emakumeen kontrako nolanahiko indarkeria motak prebenitzeko modurik onena”.
Tailerrak eta lehiaketak
Alde batetik, udalak Beldur Barik tailerrak abiatu ditu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei emango dizkiete Parean elkarteko kideek. Ordubeteko hiru tailer izango ditu ikasgela bakoitzak urritik abendura, eta ikastetxe publiko eta itundu guztiek eman dute izena egitasmoan, Erainek izan ezik. Orotara, 1.500 ikaslek jasoko dute prestakuntza.
Bestalde, martxan da dagoeneko Beldur Barik lehiaketaren 2022ko ekitaldia. Nahi duten diziplina artistikoa baliatuz, bideo formatuan, 12 eta 20 urte arteko gazteek “nolanahiko indarkeria matxista motak gainditzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa” adierazi ahalko dute, eta kalitate tekniko edo artistikoaz harago, “transmititzen den mezuaren kalitatea eta haren bidez nesken ahalduntzeari eta mutilen matxismoaren kontrako konpromisoari buruzko eztabaida eta hausnarketak pizteko gaitasuna” baloratuko direla jakinarazi du Etxebestek.
Hiru mailatan banatuko da lehiaketa:
- 1. kategoria: 2010 eta 2008 artean jaiotakoak (12-14 urte).
- 2. kategoria: 2007 eta 2005 artean jaiotakoak (15-17 urte).
- 3. kategoria: 2004 eta 2002 artean jaiotakoak (18-20 urte).
Maila bakoitzeko irabazleak 400 euro irabaziko ditu, eta parte hartzen duten bideo guztiek, 100 euro. Bideoak aurkezteko epea azaroaren 11n bukatuko da, eta lehiaketako oinarriak eta informazio guztia Beldur Bariken webgunean aurkitu ahal izango dute interesdunek.
Azkenik, azaroaren 25ean Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, azaroaren 27an, Irun Beldur Barik 2022 ikuskizuna egingo da Amaia KZn, hainbat diziplina artistikoren bidez “emakumeen kontrako indarkeriarekiko zero tolerantzia aldarrikatzeko”. Emanaldiko sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena beharko da sartzeko.