Artiako Belartza aparkalekua bihar aurkeztuko diete auzotarrei
Irailean bai udalak eta bai EAJk plan honen berri eman zuten, beraien arteko tirabirak eraginez. Artiako lagunak ere gertutik jarraitzen ari da plana.
Artian aparkaleku bat eraiki nahi du udalak, zehazki, Belartza parkean. Auzotarrei proiektu horren berri emateko bilera irekia antolatu du biharko udalak 18:30ean Pio Baroja karrikan dagoen Artiako auzo elkartean. Aldiz, aparkalekuaren nondik norakoak publiko egiteko agerraldia ostegunean egingo du udalak.
Tirabirak
Irailaren 16an publiko egin zuen Irungo EAJk Belartzan egin nahi duten aparkalekuaren planoetako bat. Guztira udalak lau eredu landu zituela adierazi zuten eta beraiek babesten dutena zein zen adierazi zuten.
Hiru egunetara Irungo Udaleko Cristina Laborda Obretako zinegotziak erantzun egin zien EAJren adierazpen horiei esanez jeltzaleek hautatukoak araudia urratzen duela: “Ez du betetzen hirigintza-araudia, eraikigarritasuna baitu sestra gainean”. Bueltan erantzun zion EAJk: “Gobernua da bere interes alderdikoiak herritarren interesen aurretik jartzen ari dena”.
Ez da lehen aldia EAJ eta PSE-EEren artean tirabirak daudenak plan bati buruz. Korrokoitz kalerako Plan Bereziaren bueltan izan ziren azkenak eta luzeenak 2018an.
Artiako lagunak proiektuari adi
Belartza inguruan dagoen parkea 2011n inauguratu zutela oroitu du taldeak eta orain arteko aldarrikapenei eutsi nahi izan diete zeintzuetan Artian zuhaitz asko mozten ari direla salatu duten.
Ildo horretan, Red Territorios Sosteniblesek Zerrauts sariak banatzen dituela jakinarazi du Artiako lagunak taldeak haien sare sozialetan, eta saria jasotzeko taldeak proposatutako hautagaia Jose Antonio Santano alkatea izan da, Artia auzoan “azken urteetan moztu dituen zuhaitzengatik eta kendutako berdeguneengatik”.
Taldeak irudi baten bitartez errepasatu egin du azken urteetan Artian kendu dituzten zuhaitz eta berdeguneak. Honako irudi hauetan ikus daiteke: