Mugikortasunari buruzko jardunaldiak
Hondarribiko Udalak Talaia Alai proiektua aurkeztuko du, ostegunean, Talaia Institutuan. Haurrak ikastolara seguruago joatea helburu duen programa.
Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana onartu zenetik, hiriko mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko lanean jardun da udala. Horra hor Hondarribia Kalez Kale Hobetzen programa. Plan horren helburuetako bat, haurrak ikastolara seguruago joatea da eta asmo horri jarraiki bi jardunaldi antolatu dituzte aste honetarako.
Hilaren 19an mahai inguru bat egingo da Udaletxeko Areto Nagusian. Bertan parte hartuko du Marta Romanek, genero eta belaunaldi ikuspegian aditua denak. Herritar orori zabalduta dagoen mahai ingurua da. Haurtzaroari, espazio publikoari eta mugikortasunari buruzko eztabaidak sortzea du helburu.
Hurrengo egunean (hilak 20) Talaia Alai programa aurkeztuko dute. Talaia Institutuan izango da aurkezpena (areto nagusian). Ikastetxen inguruan eremu seguruak sortzeko proiektua da eta gurasoei, ikastetxeei, eta herritarrei zabaldu diete deialdia. Talaia Alai programa sortzeko eragile askorekin bildu da udala, ikastetxeetako zuzendaritzarekin, balazta elkartearekin, bizilagunekin… eta horri esker, ekarpen interesgarri asko bildu dituzte. Obra zibil “ez oso handia” izango dela aurreratu du Silanesek. Margoketa lanak, zutoinak, eta norabide bakarreko zirkuitu bat ezarriko dute. “Institutuko sarrera seguruagoa bihurtzeko”, berriz, plataforma bat eta zig-zag batzuk gehituko dituzte autoek abiadura motelu dezaten.
Datorren urteko aurrekontuetan partida bat erantsiko dute proiektua aurrera eraman ahal izateko.
Hondarribia Kalez Kale Hobetzen
Hondarribia Kalez Kale Hobetzen programa ere espazio publikoa eta mugikortasuna hobetzeko helburua duen programa da. Herriko bost eremutan egokitzapen lanak egitean datzan programa da. Ekainean amaitu zituzten Gibeleta auzoko lanak, Kosta eta Donostia kaleak azken txanpan daude. Errebellin kalean lanak amaitzeke daude eta gaur gauean asfaltatuko dute Txiplau Industrialgunea. Baserritar Etorbidea eta Sabino Arana kaleak aurrerago egokituko dituztela baieztatu du zinegotziak.